Aldaketak iragarri ditu Iraurgi saskibaloi klubak Valladolidera joateko plangintzan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2026ko urtarrilaren 2a

Biele ISBko jokalariak Azkoitian jokatutako neurketa batean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Biele ISBk Ciudad de Valladolid taldearen aurka jokatuko du etzi, igandea, eta neurketa garrantzitsua izango denez, hara joateko autobusa antolatu dute. Dena den, aldaketak iragarri ditu klubak hara egingo duten bidaiaren plangintzan. Autobusaren irteera ordua aurreratu egin du ISBk.

Iraurgi saskibaloi klubak autobusa antolatu du Valladolidera (Espainia), Biele ISBk eta UEMC Baloncesto Valladolidek jokatuko duten partida bertatik bertara ikusteko. Etzi, igandea, jokatuko dute lehia bi taldeek Pisuerga pabiloian, 18:00etan hasita. Biele ISB neguko txapelduna da, eta 2026ari indarrez ekiteko, sailkapeneko bigarren sailkatua den UEMC Baloncesto Valladolid mendean hartzea dute xede Iñigo Nuñezenek. Bi partidako tartea zabalduko luke ISBk igandean Valladolid mendean hartuz gero.

ISBk iganderako egindako plangintzak, baina, aldaketak izango ditu. Irteera ordua aurreratu egin du klubak, eta hori hala, 10:45ean abiatuko da autobusa Azpeitiko anbulatorioaren aurreko geralekutik eta 10:55ean Azkoitiko Julio Urkixo etorbideko 7 zenbakiaren pareko geralekutik. Valladolidera zuzenean joango da autobusa, eta bidean 15 minutuko geldialdi bakarra egingo du. Valladolidera 14:30 aldera iristea aurreikusi du kluba. Itzulerako bidaia, berriz, partida amaitzean egingo dute; 23:30 inguruan Azkoiti-Azpeitira iristea espero du klubak.

Bidaia gauzatu ahal izateko, gutxienez 30 lagun beharko dira; kopuru horretara iristen ez badira, autobusa ez da antolatuko. Izena emateko azken eguna gaurkoa da, eta horretarako, 688 65 71 19 telefono zenbakira deitu edo idatzi beharko da. Klubak herritarrak eta saskibaloi zaleak animatu ditu partidaz gozatzera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide