Pape Badji pibot senegaldarra fitxatu du Biele ISBk

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2025eko azaroaren 19a

Pape Badji pibot senegaldarra, Moron taldearekin. (FEB)

33 urte ditu Badjik, eta 2,07 metro neurtzen du. Iaz, pibot senegaldarra Lehen FEB Mailan aritu zen CB Moron taldearekin. Gaur, Espainiako Kopako final zortzirenetako partida du Biele ISBk Azpeitian.

Biele ISBk Pape Badji pibot senegaldarra fitxatu du denboraldiaren amaierara arte. 33 urte ditu Badjik eta 2,07 metro neurtzen du. Aurreko denboraldian, pibot senegaldarrak batez beste 11,4 puntu eta 6,6 errebote pilatu zituen CB Moron taldearekin Lehen FEB Mailan. Akordio batera iritsita, aurtengo martxoan eten zuten kontratua Badjik eta Moron taldeak. 

Espainian ez ezik, Suitzako, Belgikako, Herbehereetako eta Frantziako ligetan ere jokatu du pibot senegaldarrak. Gainera, Senegalgo selekzioarekin behin baino gehiagotan aritu da hura. Besteak beste, 2011ko, 2013ko eta 2015eko Afrobasket txapelketan parte hartutakoa da Badji Senegalekin, baita 2014. urteko Munduko Saskibaloi Txapelketan ere. 

Lesioak direla eta gizonen taldeak dituen hutsuneei aurre egiteko, esperientzia handiko jokalaria fitxatu du Biele ISBk uztaiperako. Badjik indarra eta energia emango dizkio taldeari.

Gaur, Espainiako Kopa

Gaur, asteazkena, Biele ISBk Espainiako Kopako final zortzirenetako partida jokatuko du Azpeitian. Lehenengo FEB Mailako Super Agropal Palencia taldearekin neurtuko ditu indarrak Nuñezen taldeak, 20:00etan hasita. Arerio zaila dute otsoek, baina ezustekoa ematen saiatuko dira haiek beren zaleen aurrean. Palencia taldean ari da egun ISBren harrobian hazitako Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarra. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide