Garaipen sendoa Biele ISBrentzat, Espainiako Koparen bigarren jardunaldian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2025ko ira. 22a, 11:58

Biele ISBkoak aulkian, Valle de Eguesen kontrako neurketaren une batean. (ISB)

58-85 irabazi zuen Iraurgiko gizonen talde nagusiak Valle de Eguesen kantxan, Sarrigurenen (Nafarroa). Datorren igandean neurketa erabakiorra izango dute, etxean, Logrobasketen kontra eta ate irekiekin.

Biele ISBk garaipen sendoa lortu zuen Espainiako Koparen bigarren jardunaldian, Castillo de Gorraiz Valle de Egues Sarrigureneko bere kantxan (Nafarroa) 58-85 mendean hartuta.

Iñigo Nuñezen taldeak atsedenaldiaren ondoren oinarritu zuen garaipen erosoa. Hirugarren eta laugarren laurdenetan itxura oso ona eman zuen, eta bi laurden horietan 23-49ko partziala eginda lortu zuen garaipena.

Partidako jokalari onenak Thierry Sagna senegaldarra –16 puntu eta bederatzi errebote– eta Oier Ardanza durangarra –19 puntu eta 20ko balorazioa– izan ziren.

Etxean eta ate irekiekin

Datorren igandean, irailaren 28an, jokatuko du Biele ISBk Espainiako Koparen hirugarren jardunaldiko partida. Logrobasketen aurka ariko dira Iraurgikoak Azpeitiko kiroldegian, 12:00etan.

Partida hori irabazten duena Espainiako Kopako hurrengo fasera pasatuko da. Ate irekiak izango dira neurketa horretarako kiroldegian, eta bazkide egiteko aukera ere izango dute bertan zaleek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide