Bihar, igandea, bi hitzordu garrantzitsu dituzte Iraugiren bi talde nagusiek Azpeitiko kiroldegian. Eguerdian, 12:30ean hasita, Domusa Teknik ISBk Ausarta Barakaldoren aurka neurtuko ditu indarrak, eta arratsaldean, 18:00etan hasita, Juaristi ISBk Fundacion Globalcaja La Rodaren aurka jokatuko du.
Baina, lehiarako ez ezik, ospakizun eta omenaldietarako tartea ere hartuko dute bi hitzorduen aurretik. Hain zuzen ere, emakumeen partidaren atarian, 12:15ean, Iraurgiren historiako emakumeen lehen taldea osatu zuten jokalariei omenaldia egingo diete; eta gizonen partida hasi baino lehen, 17:45ean, Iraurgiren historiako gizonen lehen taldea osatu zuten jokalariak omenduko dituzte. Horiek horrela, herritarrei kiroldegira joateko eta harmailak betetzeko deia egin die klubak.