Jone Azkue hegaleko pibota fitxatu du Domusa Teknik ISBk

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2023ko urt. 11a, 12:30

Jone Azkue, CAB Estepona taldearekin jokatutako partida batean. (FEB)

Azkuek borondatezko baja eskatu du CAB Estepona Jardín de la Costa del Sol taldean Domusa Teknik ISBn aritzeko. Hiru denboraldi osatu ditu hegaleko pibotak Malagako (Espainia) taldean, eta orain, denboraldi amaierara arte jokatuko du Azkoiti-Azpeitiko taldean.

Domusa Teknik ISBk Jone Azkue hegaleko pibota fitxatu du denboraldiaren amaierara arte. ISBk sare sozialetan jarri du ez daudela "amore emateko"; beti "hobetzeko" eta "onena emateko" lanean ari direla nabarmendu du taldeak, eta horren harian, klubak taldea indartzeko neguko bigarren fitxaketa egin du –Emilia Ferreira portugaldarra fitxatu zuen joan den astean–.

2014-15 denboraldian egin zuen debuta Azkuek FEB txapelketan. Club Basket Ibaizabal taldearen eskutik, bost denboraldi egin zituen hark LF2 mailan. 2019-20 denboraldian, ordea, Agrupacion Deportiva Baloncesto Aviles taldera batu zen, eta denboraldi bat osatu zuen hegaleko jokalariak han.

Azken hiru denboraldiak, ordea, CAB Estepona Jardín de la Costa del Sol taldean egin ditu Azkuek. Klub horretan partida gehien jokatu dituen bigarren jokalaria da (59) Azkue. Era berean, bigarren saskiratzaile nagusia (480 puntu), erreboteatzaile historikoa (178 aldaratze), eta asistentzien (50) nahiz errekuperazioen (50) sailkapenean hirugarrena. Gainera, CAB Estepona taldearekin balorazio handiena lortu duen bigarren jokalaria izan da Azkue (433 puntuko balorazioa).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide