Iraurgi Saskibaloi Kluba une gozoetan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2019ko ots. 3a, 11:10

AƱares ISB.

Maxixatzen aldizkariko 'Komunitatin leixue' atalerako Iraurgi SBk idatzitako artikulua.

'Ametsik onenetan ere ez nuen inoiz bizi dugun unea biziko genuenik pentsatu ere egingo' Jose Luis Zubizarreta ‘Xubi’ ISB-ko kudeatzaile nagusiak orain urtebete adierazitakoarekin labur liteke Iraurgi Saskibaloi kluba bizitzen ari den une gozoa. Kirol mailan klubeko bi talde nagusiak gorengo mailan lehiatzen dabiltzan bitartean, elkartea izugarri hazi da azken urteetan. Datu esanguratsu batzuk egoera gozo horren adierazgarri: Iraurgik 23 talde federatu ditu, emakume eta gizonezko, haurrentzako teknifikazio eskola eta entrenatzale talde zabala. Guztira, 500 lagun inguru dabiltza oraintxe bertan baloi handiaren inguruan dantzan.

 

IRAURGI ZER ETA ZERTARAKO

Iraurgi aipatze hutsarekin bi talde nagusiak datozkigu guztioi burura. LF-2 ligan jokatzen duen Añares ISB eta zilarrezko Leb ligako kide den Juaristi ISB. Baina bi talde hauek amets baten ondorio besterik ez dira, pirámide handi baten erpin disdiratsua besterik ez. Iraurgik argi du gizartearen beharrei erantzuteko sortutako kluba dela. Hori dela eta, Iraurgik Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako gazteei saskibaloian hazi eta hezitzeko aukera ematen die. Saskibaloira hurbiltzeko arrazoiak ugari bezain ezberdinak izan arren, Iraurgira hurbiltzen denak saskibaloi formazioaz gain giza balore zintzoak landuko ditu. Saskibaloia aitzakia da, pertsona da arrazoia. Eta ahal dela, dena euskaraz kanpotik datozen kulturekin aberastuz.

 

AZKOITIA-AZPEITIA-ZESTOA

Iraurgi ez da herri bakar baten ordezkaria, bailara oso bat ordezkatzen du Iraurgik. Zestoa ere poliki poliki Iraurgira hurbiltzen ari da, eta lehendabiziko kimuak ikusten hasi dira. Halere, bada Iraurgi benetan harro sentierazten duen kontua: Azkoiti eta Azpeitiko lagunek eurena sentitzen dute Iraurgi. Eta hori da Iraurgik lortu duen titulorik garrantzitsuena. Aitzaren bi aldeak baloi bakar batekin.

 

TEKNIFIKAZIO ESKOLA

Iraurgiren piramidearen oinarria teknifikazio eskolak osatzen du. Haurrek saskiko baloiarekin aurreneko harremana izaten dute gure eskolan. Haurraren heziketan une garrantzitsua denez, Iraurgi saiatzen da haurrak ondo formatutako entrenatzaileen esku uzten. Hori lortzeko, aurten Iraurgik aurreneko aldiz ia urte osoa irauten duen entrenatzaile ikastaroa antolatu du. Gaur egun, teknifikazio eskolak bi gune ditu. Bata Azkoitian eta bestea Azpeitian. Teknifikazio eskolako haurren kopurua urtez-urte etengabe goraka doa. Gaur egun 150 haur inguru ditu klubak bi herrietako guneetan gogotsu lanean.

 

GURDIA ETA ITUKINAK

Talde profesional baten egitura du boluntario askoren lanari esker aurrera egiten duen klubak. Horregatik, Iraurgiren esker ona egoera ulertuz lan aparta egiten duten guraso guztiei. Esker ona baita ere musutruk gure taldera lanera etortzen diren boluntarioei, Azkoitiko eta Azpeitiko udalei, eta bailarako herri komunikabide guztiei. Amaitzeko, eskerrak gure bailarako neska-mutil gazte guztiei. Haiengatik du zentzua Iraurgik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide