Hainbat aburu

"Sentitzen nuen amonari zor niola egin ziotena kontatzea"

Erabiltzailearen aurpegia Ione Zuloaga Muxika 2025eko azaroaren 20a

Maria Angeles Aranbarri. (Mailo Oiarzabal)

Ione Zuloaga kolaboratzaileak urriko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: "Sentitzen nuen amonari zor niola egin ziotena kontatzea".

Petronila Gomez Aizpurua jaiotzez zumaiarra zen, Maria Silvestra Aizpurua arrain saltzailearen eta Inazio Gomez arrantzalearen alaba. Bera ere lanbidez arrain saltzailea zen. Ildefonso Joakin Rodriguez Tomerekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituen: Luis (zaharrena), Joakin (frankistek izugarrizko jipoia eman zioten eta hilzorian utzi zuten. Petronila Gomezi bere semearen berri eman eta Gasteizera joan zen semea ikustera. Besoetan hartu zuen semea eta hala hil zitzaion: "Hasta para cogerle tu hijo también eres roja", entzun behar izan zuen, ezkerreko besoarekin hartu zuelako) eta Pepe. Azkoitira lekualdatu eta alarguntzean, Jose Aranbarri Aldako baserrikoarekin ezkondu eta Jesus Aranbarri Gomez semea izan zuten.

Petronila Gomezi, Azkoitira frankistak sartzean, etxea hustu egin zioten. Ordurako semeak gerran Bigarren Errepublikaren alde borrokatzen zituen. Hori gutxi ez, eta ilea soildu eta errizino olioa edatera derrigortu zuten frankistek. Horren ondoren, kalean gora eta behera paseatzera derrigortu zuten. Egoera hartan, medikua agertu zen, seguruenik Arsuaga abizena zuena; nahikoa zela esan zien frankistei eta uzteko emakumea bakean. Petronila Gomez, "gorria" izateaz akusatu zuten frankistek, eta hori aitzakiatzat hartuta jasan behar izan zuen, besteak beste, errepresio sexuatua. 

Francoren diktaduran zehar une latzak jasan behar izan zituen Petronila Gomezek

Diktaduran zehar ere une latzak jasan behar izan zituen. Arrain saltzailea zen eta Azkoitiko merkatuan zuen postua. Herritar batzuk, dirurik ez zutenean, bere saltokira hurbiltzen ziren arrain eske eta Petronila Gomezek arraina ematen zien trukean dirurik jaso gabe. Aipatutako herritarrak, baina, dirua zutenean, beste arrain saltzailearengana joaten ziren, Petronilari eskuan dirua zutela erakutsiz eta beste arrain saltzaileari erostera zihoazela adieraziz. Zor handiak utzi zizkioten Petronila Gomezi. 

Horrez gainera, zenbait aldiz, etxerako bidean jazarri egin zuten herriko frankistek: suziriak botatzen zizkioten "gorria zela" oihukatuz, eta korrika alde egin behar izaten zuen. Horrek ondorio latzak eragin zizkion Petronila Gomezi. Hilerokoa moztu egin zitzaion eta sabela handitzen hasi. Garai hartan, haren senar Jose Aranbarri Juin Torrean zuten preso (Petronila Gomez joaten zen senarrari janaria eramatera), eta frankistak hilabeteak kontatzen zizkioten Petronilari, sabela geroz eta handiago zuelako. Haurdun zegoela iseka egiten zioten: "11 hilebete ja, astue bezelakotxie euki ber den ja!", esaten zioten. Gerora, Petronila Gomez operatu egin zuten, eta 11 kiloko tumorea kendu zioten. 

Mila esker, Maria Angeles Aranbarri; amona harro egongo da frankistengandik jasandakoa isilpetik atera duzulako. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide