Egun batzuez lanera joan beharrik gabe –eta ordainsaria jasota– mundu honetan gutxi batzuek bakarrik goza dezakegun pribilegioa da oporraldia.
Beno, ba ni oporrez goza dezakeen mundu zatiaren multzoan kokatzen naizenez, esango dizuet neuri oporretan gehiena egitea gustatzen zaidana zer den: jendeari begiratzea. Zergatik jartzen gara, bestela, terraza batean esertzean, tabernara beharrean, kale aldera begira?
Kanpora joandakoan ohikoena izaten da, lurraldea edozein dela ere, itxurari begiratuta, euskaldunak identifikatzea. Horretarako pista handiak izaten dira ile mozketak, Athleticeko kamisetak edo, nire lagun batek esaten duen moduan, euskaltxankletak. Ariketa ez da hain dibertigarria izaten zu ere zure bisajeagatik euskaldunen multzoan sartu zaituztela ohartzen bazara. "Nik zer daukat ba ijito kolore honekin hain bereizgarria?". Aipagarria da, bada, aurten zapaldu ditudan leku guztietan egin dudala gutxienez euskaldunen batekin topo. Zuetako inor patu horretatik libratu al da?
Oporrei lotuta, badaukat ikerketa txiki bat egiteko gogoa. Eguna mendian edo hondartzan igaro, arratsaldeko zazpiak arrimatzen direnean, zer egiteko ohitura duzue? Gustura jakingo nuke zein izaten den trago bat hartzera joaten ez direnen plana.
Bizitzan gehiago kointzidituko ez duzun jendearekin hitz egitea izaten da oporretako beste ohiko ariketa, norbere herrian hain erraz egiten ez duguna. Aurten, adibidez, Antoniok kontatu dit itsaso zabalean jaio zela. 11 seme-alaba izan zituzten haren gurasoek, eta haurtzaro guztia eman zuten itsasontzi batean familiako kideek. Halako jendea ezagutzean mundua esploratzeko gogoa pizten da.
Abuztuaren 12an esploratzaile bilakatzeko zorian ere topatu nuen jendea. Ezinbesteko betaurrekoak soinean, eguzkia mendian ezkutatzear zela, eklispsearen bila, itsasora begira.
Zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta gehiago maite dut neure etxea
Jendeak euliak hiltzeko baliatzen dituen mekanismoak dira nire beste arreta pizgarria. Erradiadore baten tamainako makina bat hartuta ikusi nuen gizon bat kanpin batean, eta lehen egunean barre egin nion arren, bigarren egunean gustura lapurtuko niokeen tramankulua.
Bestelakoak ere ezagutu ditut, ordea. Fatimak kontatu dit goizean goiz apartamentu bat garbitzera joaten dela, eta 11:00etatik 23:00etara autokarabanentzako aparkaleku bat zaintzen duela. Beti atsegin, beti jator, baina askotan tokatu zait aho zabalka, esertzeko tarte bat hartzen duenean loari ezin eutsita.
Honezkero badakigu munduak justutik gutxi duela eta hori aldatzeko boterea nire esku ez dagoela, baina bada opor gehienetan begiratokiren batetik agertu ohi zaidan estanpa bera. Aurten, kanpin batean, lotarako prestatzen ari nintzela, bikote bat iritsi zen ondoko partzelara. Ez dakit gaur bikote izaten jarraituko duten, baina espero dut zuek elkar horrela ez tratatzea.
Bidaiatzea gauza ederra da, baina nik behintzat, zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta gehiago maite dut neure etxea.