Eskerrik asko, Azkoitti!

Erabiltzailearen aurpegia Herrikoloreak 2018ko ira. 21a, 08:53

Bederatzi hilabetez lanean eta giroa berotzen aritu ondoren, joan den zapatuan, irailak 15, ospatu genuen azkenean Herrikoloreak eguna herrian. Egun berezia izan zen, benetan, eta berezia izan zen herritar guzti-guztiok hala izatea ahalbidetu zenutelako. Eskerrik asko denoi, bihotz-bihotzez, herriko loreen jaia hain koloretsua bihurtzeagatik.

 

Eskerrik asko, batetik, herriko kultur lorategia osatzen duzuen talde eta banako denoi, zuek eman zeniotelako kolore berezia herriari, hain ondo antolatu zenituzten ekintzekin, hain ondo azaldu zenituzten pasio eta zaletasunekin eta hasiera-hasieratik jarri zenuten jarrera baikorrarekin. Eskerrik asko, bestetik, lorezainei, eguna aurrera atera ahal izateko, modu batera edo bestera, babesa eman zenigutenoi (kamisetak erosi zenituztenoi, enpresarioi, dendari txikioi, tabernarioi, Udalari...). Eta, eskerrik asko, azkenik, egunean bertan kalera atera zineten herritar guzti-guztioi, balkoitik begira geratu beharrean, lorategiaren zati bihurtu zinetelako, zuen parte-hartzea aktiboa izan zelako egun guztian zehar, eta horrek kolore bizia erantsi zielako egin ziren ekintza guztiei. Herrikoloreak osatzen dugunok argi dugu kultura herritik, behetik, eraikitzen dela. Larunbatean erakutsi genuen herritarron ekimenez gauza handiak antolatzeko gai garela. Horregatik, hemendik aurrera, herritar, talde, banako, eragile… guzti-guztiok gonbidatu nahi zaituztegu lehengoan piztu ziren kolore bizi horiek, egun batean izan beharrean, urte guztian bizi-bizirik eta jendearentzat ikusgarri mantentzera. Herrikoloreak elkarteak ateak zabalik izango ditu horretan eragin nahi duzuen guztiontzat, era guztietako ideia eta ekarpenak jasotzeko prest gaude. Gure herriko kulturari bultzada eman nahi dion edonoren bidelagun bilakatu nahi dugu, bidelagunen elkarrizketa eta elkartruke aberatsetik baino ezingo baita atera kulturak piztuta mantentzeko beharrezkoa duen indar soziala. ESKERRIK ASKO ETA ZORIONAK, AZKOITTI!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide