Horrela jaio da Herrikoloreak. Herritar talde bat bildu, eta ahoz aho, taldez talde, banakoz banako, harremanak saretzen hasi gara. Pixkanaka-pixkanaka, lortu dugu Azkoitiko kirol eta kultur talde eta banakoengana iristea. Ernatu dira herriko loreak, eta piztu da ilusioa. Irailaren 15ean izango du ekimen honek lehenengo loraldia. Kalera aterako dira gure herriari kolorea ematen dioten loreak; bakoitzak erakutsiko du ondoen egiten dakiena; herriaren aurrean azalduko du zerk pizten dituen bere baitan grina eta pasioa. Modu horretan, erdigunean jarri nahi ditugu dagoeneko badiren loreak, gure herriko kultura osatzen duten kirolari, musikari, argazkilari, margolari, sukaldari, historialari... guztiak. Izan ere, argi dugu kultura inguratzen gaituen orok osatzen duela eta pertsona anonimoek egunero-egunero egiten duten lanari esker eraikitzen dela.
Herrikoloreak, ordea, irailaren 15ean ospatuko den kultur egunaz harago, sare bat da, eta iraunkorra izateko jaio da. Horretarako, abian ditugu jada webgunea eta sare sozialak, eta herriko lore guztien esku daude, beren erakusleiho izan daitezen: haietan ager ditzaten orain egiten ari diren jarduerak eta etorkizunean egingo dituztenak, haietan konta ditzaten beren historia eta istorioak, haietan azaldu helburuak eta lorpenak... Haien bidez, ikusgarri egin daitezen herri guztiaren aurrean, herritarrak ere ernatzeko eta biltzeko ekintza eta ekimen desberdinetara. Bidegurutzean elkartu nahi ditugu eragileak eta herritarrak, eta harremanak eraiki.
Izan ere, nork maite ditu hormigoi eta adreilu hutsezko herriak? Bazterrak lorez estali nahi ditugu, kulturaz jantzi herria, kultura baita izaera eta nortasuna, iraganean izan garena eta etorkizunean izan nahi duguna. Behetik, herritik abiatutako kulturaren ikuspegia oinarri hartuta, bide berriak ireki nahi ditugu, kulturari behar duen espazioa eskaini nahi diogu. Herri izaera plural eta aberats baten bidean, beharrezkoa iruditzen zaigu herriko ekintzaile eta sortzaileentzat oinarri sendo bat eraikitzea, sormenari lekua egitea, atzetik datozenei alternatibak eskaintzeko, giza talde kritikoak sortzeko, aniztasunean hezteko, aske izateko.
Bidegurutzean, ideia berrien eta kultur adierazpide ezberdinen pasabidean, etorkizunean ere, hortxe topatuko dute elkar sortzaileek eta hortxe bilakatuko dira bidelagun, eta bidelagunen elkarrizketa eta truke ezinago aberatsetik baino ezingo da atera kulturak beharrezkoa duen bultzada sozial eta eraldatzailea. Horrela aterako dira sortzaile berriak, horrela ernatuko lore berriak, horrelaxe lortuko da gure herriko kulturak bizi-bizi iraun dezan.