Zertan dabiltza udala eta foru aldundia Azkoitiko herritarrak kontuan hartzeke?
Iaz akordio bat sinatu omen zuten San Jose egoitzan berrikuntzak egiteko, milioika euroko aurrekontuarekin; guztira 4.700.000 euroko inbertsioa, prentsak dioenez.
Hori dela eta, Unitate Psikogeriatrikoan –jendeak hobeto ulertzeko, arazo kognitibo gehien duten egoiliarren gunea– birmoldatze obrak hasi dituzte, 2.949.980 euroko aurrekontuarekin.
"Zaintza eredu berria" dela-eta hasi omen dira aldaketa horiek egiten (bakarkako gelak, eta abar.). Baina ez dutena esaten da, zaintza eredu berri horrek esaten duela ere egoitzek herri erdigunean kokatuta egon behar dutela, egoiliarrak herriko bizitzan integratuta egon daitezen. Eta hori non gelditzen da?
Iazko akordio hori baino urte batzuk lehenago, herritarren artean 3.224 sinadura jaso ziren egoitza kalera jaisteko eskatuz. Herritarren eskaera hori inolaz ere ez dute kontuan hartu.
Garbi dago gaur egungo egoitzan, zaharkitutako eraikuntzan, hainbeste milioi gastatzera doazenean ez dutela asmorik egoitza kalera jaisteko. Bestela, izugarrizko aldrebeskeria izango litzake gastu horiek egitea, ezta?
Beti bezala, herri honetan txapuzak egiten jarraitzen dute. Hobe izango zuten diru hori herri erdigunean egoitza berri bat egiten gastatzea. Saiatuko balira, aukerak badaude non egin, eta lehen ere behin baino gehiagotan aipatu izan ditugu.
Agintari horiek nola ulertzen dituzte demokrazia eta herritarren partaidetza? Zertarako HerriLab inkestak eta abar, gero beraien erara, beraiek nahi dutena egiteko? Ikusten da parte-hartze kontu horrek ez duela ezertarako balio. Itxura egin, bai!
Eguneko Zentroari buruz ere zerbait esaten dute, baina hor ere informazio asko falta da. Dakigunez, eguneko zentro hori egiteko Azkoitiko Udalak, azkenengo hauteskundeen atarian, bi lokal erosi zituen 454.874 eurotan, eta aldundiari "lagako" dizkio. "Aldundiak espazioaren %65 eta egokitzapen lanak finantziatuko ditu". Horren arabera, %35a Azkoitiko udalak jarri behar al du?
Zeinen eskuetan geldituko da zentro horren gestioa? Enpresa pribatu bat izango al da kudeatuko duena, gaur egun dugun egoitzan gertatzen den bezala? Irabazi horiek zeinentzat? Enpresarentzat?
Noizbaiten garbi jakingo al dugu gauza hauek denak nola joan diren? Eta zergatik diren horrela?
Noizbaiten izango al ditugu apartamentu tutelatuak herri erdigunean?
Noizbaiten herritarren nahiak kontuan hartuko al dira?
Inoiz ezagutuko al dugu egoitza kalean?