Urteak daramatzagu – 2019tik - horrelako zerbait entzun nahian. Zein herritarrei ez zaie gustatu egoitza egoera berrira birmoldatzeko udalak hainbeste dirurekin kontatuko duela entzutea?
Badirudi herritarren presioak baduela bere indarra, eta hauteskundeen aurreko kanpainak ere baduela bere eragina.
Egoitza Kalera eta Senide Taldearen aldetik ordea, Udal Gobernu eta Aldundiarentzat medailak jasotzeko podiumik ez eta ezta gure txalorik ere, badakigulako eman dituzuen pausoak herritarrak bultzatutakoak izan direla eta ez zeuei borondatez ateratakoak. Eman duzuen azalpenean: “Guk hartu dugun bideak emaitzak eman dizkigu: isiltasuna, nahiz otzantasuna, lana, gauzak azaldu behar diren bezala eta borondate ona”… alkatearen hitz horien aurrean Egoitza Kalera eta Senideen Taldeak geure iritzia agertu beharrean aurkitzen gara.
“Borondaterik” ez duzue inoiz izan. Hasieratik, Udal Gobernu bezala beti esan izan diguzue guk eskatzen genuena egiteko ez dirurik eta ez lekurik ez zegoela. Horregatik egin zen sinadura bilketa. Zuen aldetik borondatea ikusi izan bagenu ez ginen lan horretan ibiliko. Ondoren jo zenuten Foru Aldundira, herritarren presioa sentituta. Hauekin bildu ginenean ere ezetza jaso genuen, Azkoitian egoitzarako zeuden eskaerak ez zirela hainbesterainokoak, eta behar gehiagorekin beste herri batzuk bazeudela. Orain zerk mugiarazi zaituzte? Borondate onak ala datozen hauteskundetan herritarren botoak galtzeko beldurrak?
“Isiltasuna”? Ala” sekretismoa”? Esango genuke “gardentasun” falta dela zuen bereizgarritasuna. Sekula ez duzue jendearen aurrean zertan ari zareten azaltzen, dena ondo lotuta izan arte. Hori da zuen estrategia. Ez duzue ezer konpartitzen, ez herritarrekin, eta, tristea da esan beharra ere, kasu honetan bezala, ez zeuekin batera kudeaketa lanetan dabiltzan udaleko beste partiduekin. Kudeatzaile onak besteak ere aintzakotzat hartu eta partaide egiten ditu.
“Otzantasuna”? Horren adibide onak ere ez zarete, “protagonismoa” da zuena. Orain ere meritu guztia zeuen buruari jartzen diozue: “guk hartu dugun bideak emaitzak eman dizkigu”. Emaitzak zeini? Udal Gobernuari? Ala herriari? Gogorarazi behar dizuegu, ahaztu egiten baitzaizue, herritarren ordezkariak zaretela, horregatik, zuen kargua eta soldatak, eta herritarren beharrak ondo kudeatzea dela zuen lana. Tartean egoitzarena da horietako bat, eta tokatu egiten zitzaizuen, besterik ez.
Alkate jauna, baita ere diozu zarata atera dugula eta kritika asko jaso dituzuela. Beharko! Laugarren urtea daramagu publikoki egoitza gai honekin, hutsaren truke geure ordu mordo bat eta indarrak emanez, eta oso garbi dugu Senideen Taldeak eta Egoitza Kalerak, egoitzako langile eta beste herritarren babesarekin batera ez bagenuen hainbesteko lata eman, zeuen aldetik ez zinatekeela akordatu ere egingo egoitza hor zegoenik eta zein egoeretan.
Eman duzuen notizia ez da txarra, ez; gauzak garbi esan behar dira. Lehen urratsak eman dituzue, baina orain ere hankamotz gelditu zarete: egoitza, zerbitzu bezala, ez duzue aipatu ere egiten kalera jaisteko planetan, eta, bai, zerbitzu hau behar duten egoiliar eta senideentzat behar beharrezkoa deritzogu herri bizitzan txertatzea. Hauek kalean ikustea ez du nobedade bat izan behar.
Igogailua irtenbide bezala azaltzen duzue. Alferrikako gastua. Aldapa barrenetik herri erdigunea urruti eta aldapan egoten jarraitzen du. Garraio zerbitzu pertsonalizatua aurrez ordua hartuta izan beharra ez al da beste eragozpen bat? Gutako zeinek eskatu behar izaten du garraio zerbitzua geure etxetik sartu eta irten egiteko geuk nahi dugunean? Hori al da egoitzen eredu berrian esaten duen bezala “etxeko bizitza normaltasunean jarraitzea"?
Hobe zenukete alferrikako gastu horien partez oinarrizko beharretarako langile gehiago baldintza duinetan kontratatzea. Horiek bai behar direla!
Hitzak bota dituzue eta promesak egin ere. Orain emaitzen zain gelditzen gara. Animo! Lan asko daukazue oraindik eta!