"Deigarria da Herri Planaren zirriborroaren Ongizate arloan adinekoen egoitzaren aipamenik ez egitea, aurretik pasatutako inkestaren ondorengo bileretan arlo horretan nabarmen aipatzen ziren puntuak egoitzaren kokapena eta bere kudeaketaren arazoak izan zirenean.
Azkoitiko Udalak gai hau bere gainetik kentzea du helburu, egoitza Aldundiaren eskuetan dagoela argudiatuz. Behin eta berriz esango dugu hori aitzakia eskasa dela. Herritarrentzako zerbitzu bat da, herritarren diruarekin jasotakoa, eta bertan herritarrak bizi diren heinean ezin dio bere ardurari uko egin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egoitzen etorkizunari buruzko gomendioak biltzen ditu Gipuzkoa: etorkizuneko egoitzaranzko trantsizioa izeneko liburu berdean. Dokumentu horretan esaten dena kontutan hartuta, Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak nabarmentzen dute, plan horren helburua dela goiliarrak etxean bezala sentiaraztea. Egoitzak komunitatean txertatuta egon behar du komunitateak egoitzako egunerokotasunean parte har dezan.
Egoiliar eta herritar kopuru handi baten nahia da egoitza herriko bizitzan integratuta egotea, ez isolatuta gaur egun dagoen bezala; garbi azaltzen dute eskaera hori babesten duten 3.224 herritarren sinadurek.
Egoitza kaleratzerakoan inoiz ez da eskatu gaur egungoa osatuta dagoen bezala bere osotasunean egitea, baizik eta ematen diren zerbitzuen arabera, pixkanaka egiten joatea: apartamentuak, eguneko zentroa, egoitza bera... Era berean, ez dugu eskatu egun batetik bestera egitea, bai baitakigu hori ezinezkoa dela, baina bai horretarako pausoak ematen hastea.
Egoitzarainoko distantziak eta hura aldapan egoteak kalera jaistea oztopatzen du. Egoiliarrak eta bisitariak kokoteraino egiteko era bat da egunak joan eta egunak etorri (batzuetan urteak) betiko pareta eta zuhaitzak ikusiz bizitzea, handik kanpoko jendea eta herriko bizitza elkarbanatu gabe.
Udaletxekoek nahi duten bezala, irtenbidea ez da puntu hau irisgarritasunean soilik sartzea; izan ere, igogailu batek eta Urbanoaren zerbitzua gehitzeak ez du arazoa konpontzen.
Adineko jendea izanik (egoiliarrak, bisitariak...), garraioa ez da irtenbidea, ordutegiaren eta eguraldiaren menpe egotea eskatzen duelako, Urbanora igotzeak eta jaisteak sortzen duen beldurraz gain.
Bestalde, eraikina bera ere zaharkituta dago, eta diru asko inbertitzea eskatzen du egoera normal batean aurkitzeko. Liburu Berdean dioen bezala (1. kapitulua, 11.dimentsioa, arkitektura eta gune fisikoak): "Arkitektura funtsezko elementua da egoitzek banakako gela pertsonalizatuak eta elkarretaratzea eta gizarteratzea ahalbidetzeko diseinatutako bilguneak izan ditzaten. Gaur egun egoitza gehienek ez dute zaintza eredu berri baterako arkitektura egokirik".
Gure egoitzan badaude gela batzuk bina pertsonakoak eta aldameneko gelarekin komuna konpartitu beharrekoak; beraz, kasu horretan komun bat dute lau egoiliarrentzat. Euri egunetan itoginak azaltzen dira eta pasilloetan toallak ipintzen dituzte putzuak estaltzeko, kontuan izan gabe adinekoei eta ezina duten pertsonei egoera horrek zer suposatzen dien. Atari ingurua aldapatsua da, eta gurpildun aulkietan mugitzeak egoera oso arriskutsuak ere sortu izan ditu.
Beste gauza asko daude esangarriak, baina egoiliarrek eta senideek egindako eskaerak Aldundiak eta Biharko enpresak ez dituzte aintzakotzat hartzen. Hura kontrolatzea eta phango kudeaketa txarragatik presio egitea udalari egokitzen zaio, herritarren ordezkariak diren heinean. Batzuk aipatzekotan:
- Langile falta. Lan baldintzen duintasuna ziurtatuz, ratioek beharren araberakoak izan behar dute eta ez enpresaren irabazietan oinarritutakoak. Liburu Berdearen 2. kapituluko 3. gomendioa: "Lan baldintzen diseinuan langileek parte hartzeko aukera izan behar dute…" (8.): "Lan baldintzek zaintzaren funtsezko gakoa osatzen dute, izan ere zuzeneko eragina dute antolakuntzaren giroan eta arretaren kalitatean...".
- Egoiliarrak bakar-bakarrik, zaintzailerik gabe, eguneko momentu askotan izan barruan edo kanpoan.
- Egoiliarrak ohean ordu asko.
- Sarrera-irteeretan kontrolik ez. Asteburuetan inor ez atea zaintzeko.
- Pandemia aurretik boluntarioek egiten zuten lana betetzeko, orain inor ez.
- Euskaraz ez dakiten langileen kopurua gehitzen doa. Lan baldintza txarragatik, bertako jendeak ez du lan egin nahi eta kanpotarrekin aprobetxatzen dira. Sendagileak berak ere ez daki euskaraz.
- Egoiliarren artean haserrea janari kontuan.
- Informazio gutxi kudeatzaileen aldetik. Liburu Berdearen 2.kapitulua, 7. komunikazio estrategia (26-27): "Familiekiko komunikazioa indartzea, familientzako informazio garrantzitsua eta eguneratua duen zerbitzu integrala abian jartzea"-"Informazio eta komunikazio-programa bat diseinatu eta abian jartzea, egoitza zentroarekin koordinatuta, gizarteari egoitza-zentroetan egindako arretaren eta zainketen berri emateko"
- Funtzionatzen ez duen komisio bat sortua da (hiru senide, hiru kudeatzaile eta egoiliarrak?). Itxurakeria hutsa da guztia, eta senideak beraien partaidetza uztekotan dabiltza.
Amaierarik gabeko zerrenda da.
Udal Gobernuaren aldetik, behin eta berriz esan izan zaigu egoitza kaleratzeko aurrekonturik ez dagoela, ezta leku egokirik ere. Interesa duten gauzak egiteko dirua nondik lortu beraiek oso ondo dakitenez, hemen gure aldetik zenbait lekuren proposamenak. Ez du balio jabego pribatukoak direla esatea, horri ere nahi dutenean tratuak egin eta irtenbidea bilatzen badakitenean.
Proposamenak
- Lidl zaharreko lurrak. Lursailaren jabeak dira Etorlur (Aldundia) eta Azkoitia Lantzen. Beraz, herritarrena da.
- Portuneko etxea eta lurrak. Han nahikoa leku dago elkarrengandik bereizita, baina inguruan eguneko zentroa, apartamentuak eta egoitza bera egiteko. Bide batez Altzibar auzoa herriko alde zaharrarekin lotuta geldituko litzake.
- Gamundineko etxea, eguneko zentroa egiteko.
- Alamedako etxe zaharra apartamentuentzat.
- Erretore etxearen ondoko eraikina (salgai dago).
- Kantongo etxea (erortzen).
- Irizar etxea belardi ederrarekin.
- Juin etxea (erortzen).
- Trenbidearen Zumardiko belargunea.
- Santa Klara komentua. Bertan bizi ziren mojen nahia zen komentua herriko ongizaterako izatea. Eraikina bera ez bada ere, inguruan dituen lurretan aukera ederra dago aurrez aipatutako edozein zerbitzu martxan jartzeko, herritarrentzako parke eder batekin konpartituz.
- Baldako etxea (hutsik).
- Zelaianeko etxea (hutsik).
- Txurrukaetxe. Vazquez medikua bizi izan zen zatia ez dute ezertarako erabiltzen. Belardiak ere aprobetxatu daitezke.
- Altziberreneko etxea, apartamentuentzat.
Aukera batzuk aipatu ditugu; eta orain dugun egoitzarekin zer egin? Bota? Ez! Hona hemen aukerak:
- Gazteentzako etxeak.
- Arrasateko Aita Menni edo Matiak ematen dituen antzerako zerbitzuentzako izan daiteke, bailara osorako baliagarria izango litzatekena (Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Elgoibar…)
- Hezkuntza arloko fakultateren bat.
- Kultura zentro bat.
- ...
Aipatutako guztia aintzakotzat hartu beharra dago, herritar kopuru handi baten nahia baita. Hau guztia ez dadila izan "demokrazia itxura" egiteko bakarrik. Herritarrok ez gaude gure denbora alferrik galtzeko".