Gutuna

Egoitzaren gabeziak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitza Kalera 2020ko mai. 27a, 14:54

San Jose egoitza. (Argazkia: Biharko)

Egoitza Kalera taldeak gutuna bidali dio Maxixatzeni: 'Egoitzaren gabeziak'.

COVID-19aren krisiak agerian utzi ditu egoitzetako sistemaren gabeziak eta egoiliarrek bertako langileekin batera jasan behar izan duten egoera larria. Zorionez, gure herriko San Jose egoitzan birusak eragindako heriotzarik ez dela izan esateko moduan gaude, eta proba pasatu zaienean, bai egoiliarrek eta bai langileek negatiboa eman dute. Poztekoa da benetan.

Baina, egunak joan eta egunak etorri, familiartekoen bisitarik jaso gabe daude egoiliarrak segurtasun neurriengatik, espazio desberdinetan daude sakabanatuta eta beldurraren gerizpean. Osasun fisikoaz gain, egoiliarren osasun emozionalak ere kezka handia sortu du egoiliarren familiako kideen artean.

Guztiz eskertzekoa da egoera honetan bertako langileek egindako esfortzua. Ziur gaude ahal duten guztia ari direla ematen, une latzak bizi izan dituztela antsietateari eta estresari aurre eginez, eta beti hor egon direla gure etxekoei laguntzeko prest. Era berean jabetzen gara, ordea, beren borondate onena jarrita ere ezin izan dutela iritsi egoera gogor honetan egoiliarrek behar izan duten dedikazioa eskaintzera.

Berriak egindako erreportajean San Jose egoitzako langilea den Luz Ibañezek esan zuen bezala, "adinekoen etxeetan orokorrean goxotasuna falta da". Ratioak direla eta normalean langileek lana gainezka baldin badute, pentsatu horrelako krisialdi batek lan karga gehitzen dienean: denborarik ez egoiliarraren hutsune emozionala arintzeko.

Arazoa betikoa da, baina horrelako egoeretan oraindik eta handiagoa bihurtzen da, derrigorrez konpondu beharrekoa. Aspalditik datoz langileek ratioa gehitzeko egindako eskaerak edota zaintza eredu berri baten aldarrikapen protestak. Giza Eskubideen Europako Kontseiluko Komisarioak ere gogor kritikatu ditu horiek kudeatzen dituzten enpresak, irabaziak lehenesten dituztelako egoiliarren zaintza kalitatearen gainetik.

Euskal Herrian ia egoitza gehienak instituzioen kontrolpean egon arren, horien kudeaketa enpresa pribatuen eskuetan daude; baita gure herrikoa ere, zahar-etxeen negozioen barruan. Horren ondorioak ikusteko, Azkoitiko egoitzan nabarmentzekoa da "apartamentu tutelatuen kasua". Deseskalatze faseak desberdin ari dira eramaten apartamentu horietan bizi diren pertsonak eta norbere etxean bizi diren adin bereko pertsonak. Apartamentuak Azkoitian egoitzaren eraikuntza berean integratuta daudenez, beste egoiliarren arau berdinak dituzte, eta ez dute kalera irteteko baimenik. Bidezkoa al da? Zergatik egon behar dute eraikuntza berdinean egoitzak, eguneko zentroak eta apartamentuak? Hori da interes ekonomikoa pertsonaren aurretik azaltzen dutenaren adibide garbiena.

Denbora daramagu Azkoitiko herritarrok egoitzarentzako eredu berri baten aldarrikapena egiten, adineko pertsonentzako zerbitzu guztiek leku berean kokatuta zer egonik ez dutela esaten. Helburuak guztiok duintasunez bizitzea izan behar du, egoiliarrak ere herriko bizitzan integratuz.

Gerontologian aditu askok diote: "Egoitzek guztien gainetik etxe bat izan behar dute. Bizikidetza unitate txikiak errazago kontrolatzen dira eta pertsonak ardatz dituzten eredu baten aldeko apustu garbia egin behar da".

Udal Gobernuari eskaera egiten jarraitzen dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide