Larunbatean Maxixatzenen agertu zen bezala, bilera batean elkartu ginen Gipuzkoako Foru Aldundiko, Azkoitiko Udaleko eta Egoitza Kalerako ordezkariak, hilabeteetan eskuartean darabilgun gaiari buruz hitz egiteko; hau da, Azkoitiko San Jose egoitza kalera ekartzeko gaiaren inguruan aritu ginen hizketan.
Bilera horren ondorio moduan, esan dezakegu diputaziokoak ere jabetzen direla gure egoitza herrigunetik aparte gelditzen dela, eta nahiz eta momentuz Gipuzkoan premiazko beste lehentasun batzuk izan, gure eskaera bat datorrela egungo gizarte politikekin eta legediarekin. Adineko pertsonek bizi kalitate duin bat izan dezaten egoitza herrira ekartzeak izan behar du helburua.
Guk eskatzen duguna osoki betetzeko denbora beharko da, baina garbi dago San Jose egoitza kalera ekartzearen nahiak baduela bere fundamentua eta errealitate bihurtzeko beharra.
Azkoitiko egoitzaren gaia aztertzen ari omen dira aldundian, eta haiekin harremanetan jartzekotan gelditu gara.
Gure aldetik, iristen zaizkigun berri guztien azalpenak emateko konpromisoa azaltzen dizuegu.
Eskerrik beroenak mugimendu honi babesa agertu diozuen herritar guztioi.