Maribel Vaquero: "Asko kezkatzen nau Madrilgo krisiak eragin dezakeen desafekzio politikoak"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EGI 2026ko ekainaren 5a

Vaqeuro eta Aranbarri, atzo, batzokian.

Batzokixen Berriketan egitasmoaren barruan, Maribel Vaquero Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaile urnietarra gonbidatu dute atzoko solasaldira, eta hark Madrilen bizi duten krisi egoera izan zuen hizpide. Demokrazian eta instituzioetan sinesten jarraitzeko eta irmoki defendatzeko beharra nabarmendu du urnietarrak, "politika egiteko beste modu bat badagoelako”.

Maribel Vaquero Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaile urnietarra Azkoitiko batzokian izan zen atzo, osteguna, Batzokixen Berriketan egitasmoaren barruko solasaldia eskaintzeko. Abokatua ikasketaz, Urnietako zinegotzia eta alkateordea izan zen Vaquero, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkidea, Eusko Legebiltzarreko parlamentaria eta Espainiako Gorteetako senataria ere. Iazko martxoan, EAJk Vaquero hautatu zuen Espainiako Kongresuan Aitor Esteban ordezkatzeko. Hori hala, kargu hori betetzen duen EAJko lehen emakumea da urnietarra. Eskarmentua soberan du, bere ibilbide politikoa sendoa baita.

Vaquerok argi zuen zertan datzan EAJren ahotsa eta ekina Madrilen. "Gu hara joaten gara gure interesak defendatzera, Euskadi defendatzera. Espainia ezagutzen den horretan ez gara gobernuaren parte, eta ez daukagu erantzukizun berezirik estatua salbatzeko. Egia da han gure ahotsa entzutea behar beharrezkoa dela, eta egonkortasuna baldin badago, hobeto dela".

2023an kostata hasi zen legealdia eta gehiengo ezaren aurrean, PSOE eta Sumar alderdiek gobernu koalizioa egin zuten. "Alderdi Popularra gurekin paktatu nahian ibili zen denbora guztian, baina ekuazioan VOX sartzen zenez, guk hasieratik esan genuen VOX zegoen lekuan ez ginela egongo, ez delako alderdi demokratiko bat, euskaldunon kontra doan alderdia delako, eta autonomia estatuaren ereduaren alderdia delako. Gehiengo alternatibo bat sortu zuten PSOEk eta Sumarrek, eta EAJk legealdi akordio baten truke eman zuen baiezkoa Pedro Sanchez presidentearen inbestidura ekitaldian. Horrek ez du esan nahi legealdi guztian amen-amen egin behar diogunik Sanchezi. Gure botoen truke, Ertzaintzari eta segurtasunari lotutako zenbat transferentzia egin behar zituen Espainiako Gobernuak, baita beste hainbat arlotan ere. Ordea, kontua da ez dutela ezer egiten azken unera arte, eta hala, egoera tenkatzen dela beti".

Gainera, gauzak "etengabe itsusi bihurtzen" joan dira Koldoren eta Abalosen musukoen kontratuen auzia hasi zenez geroztik. "Cerdanen kasuak ere eztanda egin zuen, eta aurretik zaila bazen edozer gairen inguruan gehiengo bat saretzea, ordutik aurrera are eta zailagoa bihurtu da. Eta orain ez dakigu Zapateroren auzia noraino iritsiko den. Eta Leirerena. Oso larria da beren alderditik judikatura kontrolatzea, auzi guzti horiek ezkutatzeko. Alderdi Popularrak Kitchen auziarekin egindako gauza bera da hori, eta frogatuko balitz, delitu bera litzateke. Zer gertatuko zain gaude momentu oro. Bulegotik hemiziklora bidean albisteak izan ditzakegu, eta hori hala den bitartean, ez da izango patxadarik. Politikan patxada behar da gauzak aztertzeko eta erabaki zuzenak hartzeko".

Bestalde, Sanchezek 2027ko aurrekontuak aurkeztuko dituela esan du, baina ikusiko da zer gertatzen den. "Legealdi osoan, orain arte, ez ditu kongresura aurrekontuak eraman; kontua ez da onartu edo ez, ez baititu eraman ere egin. Lege batzuk onartu dira, oso gutxi, baina lege dekretuak gehiago izan dira, lege proiektuak baino. Horiek ez dira eztabaidatzen, geldirik daude. Galdera da, noiz arte horrela?", galdetu zuen Vaquerok.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide