Iñigo Urkullu: "Polarizazioa da arriskua, eta ondorioz, demokraziaren galera"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EGI 2025ko urr. 24a, 12:39

Urkullu, atzo, batzokian. (EGI)

Iñigo Urkullu lehendakaria batzokian izan zen atzo, Batzokixen Berriketan saioaren barruan, hitzaldia eskaini zuen. Lehendakari izan zeneko urteei gainbegirada emateaz gain, egungo errealitate soziopolitikoa mamitu zuen hark solasaldian. 

Iñigo Urkullu lehendakaria luze eta sakon aritu zen atzo arratsaldean Batxokixen Berriketan solasaldian. Bakearen egonkortzea, autogobernua eta justizia soziala izan dira bere zutabe nagusiak. 2012an, 2016an eta 2020an, hirutan, egin du lehendakari karguaren zina Gernikako zuhaitzaren azpian, eta urte horiei gainbegirada emateaz gain, egungo errealitate soziopolitikoa mamitu zuen atzoko solasaldian.

Urkulluk elkarrizketa eta akordioa izan ditu beti aldarri. Populismoetatik ihes egiteko eta lankidetzaren aldeko apustua egiteko unea dela dio. "Polarizazioa da arriskua eta, horren ondorioz, demokraziaren galera. Espainian edo Frantzian ikusten ari garena: lehia bizian daude batzuk besteen kontra, eta bitartean 'eguneroko gobernantza' desitxuratuta gelditzen da. Polarizazio horren muturretan daudenak, eskuinean eta ezkerrean, sistemaren aurka ari dira, hau da, demokraziaren eta giza eskubideen aurka. Erakunde eta politikaren aurkako joera hori oso erraza da elikatzea, baina demokrazia galtzen denean autoritarismoa dator. Hori da benetako arriskua".

Atal askoko liburua idatz daiteke bere eskarmentu eta bizipenekin, eta lehendakariak hainbat eta hainbat partekatu zituen atzo bertaratu zirenekin. ETAren desagerpena, pandemiaren kudeaketa eta inpaktu emozionala, Zaldibarko luizia, Osakidetza, Gernikako Estatutua, Katalunia eta 155. artikulua, edota Europak une honetan duen ahultasuna izan zituen hizpide, besteak beste.

Ohoretzat du herri honen alde lana egiteko izan duen aukera. "Pertsona helburu eta auzolana izan da nire norabidea eta horretarako politika publikoak erein, zabaldu eta zaindu behar dira".

1982ko hauteskunde orokorretako kanpainan parte hartu bazuen ere, ezaguna den bere lehenengo mitina 83an eman zuen. Gaur eman beharko balu, mezua zein izango litzatekeen galdetuta, horrela dio: "Ideia bat azpimarratuko nuke: 'erne adanismoarekin!'. Mundua ez da gutako bakoitzarekin hasten. Eboluzioan dagoen katea gara. Ezin da aurrera egin jasotakoaren balioa ezagutu eta aitortu gabe. Bizitzako arlo guztietan aplika daiteke, baina une honetan, bereziki, demokraziarekiko erdeinua edo mespretxua ikusten dugunean. Gure Autogobernuari, ongizateari eta bizi-kalitateari ere aplika dakieke. Gure asmo pertsonalak edo proiektu kolektiboak oinordetzan jasotakoa aitortzean oinarritu behar dira. Baloratu dezagun daukagun Euskadi eta jarrai dezagun eraikitzen, auzolanaren izpirituarekin. Nik, 1983. urtean 'katea ez da eten' esan nuen, orain ere gauza bera esango nuke. Katea indartzea dagokigu, Euskadi eraikitzen jarraitzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide