Iñigo Urkullu lehendakaria Azkoitian izango da datorren ostegunean, hilak 23, bera izango baita Batzokixen Berriketan egitasmoaren barruan Azkoitiko EGIk antolatu duen solasaldiko gonbidatua eta protagonista. Hitzordua 18:30ean hasiko da, batzokian.
Iñigo Urkullu Renteria (Alonsotegi, Bizkaia, 1961) Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da 2012tik 2024ra, hiru legegintzaldietan. Aurretik, Bizkaiko Buru Batzarreko buru izan zen zortzi urtez, eta 2007tik 2012ra, Euskadi Buru Batzarreko presidentea; Bizkaiko legebiltzarkide ere hamahiru urtez izan zen. Magisteritza ikasi zuen eta irakaskuntzan ere aritua da. Egun, berriz, eAtlantic fundazioaren presidentea da.
Azkoitiko EGIk sustatuta, iazko irailean hasi ziren Batzokixen Berriketan saioak, Joseba Diaz Antxustegi legebiltzarkidea lehen gonbidatu gisa zela. Ordutik Azkoitiko batzokian izan dira Iñigo Arbiol Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakaslea, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Aierdi soziologoa eta Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria.
Solasaldiek egungo errealitatea aletzea dute xede, arlo ekonomikoan, sozialean edota politikoan eskarmentua eta ezagutza duten adituei ahotsa emanez. Gogoeta eta pentsamendu kritikoa sustatzea dute xede, egun munduak duen konplexutasunaren aurrean.