Aberri Eguna! Euskadi gara, mundialak gara!

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EGI 2025ko api. 17a, 13:41

Igandean bete ditzagun herriko balkoi eta leihoak Ikurrinez, ospa dezagun Aberri Eguna merezi duen moduan. Euskadiren, Ikurrinaren eta euskararen eguna dugu Aberri Eguna, gure nazioaren askatasuna aldarrikatzeko eguna. Horregatik, Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Euzko Gaztedik, igandean, Aberri Eguna Bilboko Plaza Barrian ospatzeko deia egiten die herriko abertzaleei.

Aberri Eguna aurten iritsiko da bere 93. ediziora, Euskal Aberriaren Egunaren lehen ospakizuna, EAJren ekimenez, 1932. urtean egin zelarik. Abertzaleok egutegian gorriz markatuta dugun eguna da Aberri Eguna, zer garen eta nor garen gogoratzeko, eta adierazteko. Ospatzeko eguna dugu Aberri Eguna, Euskadiren herri izaera, nazio izaera, eta bere askatasuna lortzeko duen oinarrizko eskubidea erreibindikatzeko eguna.

Agirre lehendakariak 1937ko ekainaren 30ean Turtziozko adierazpenean adierazi zuen bezala: “Lurraldea menperatua izango zen, baina Euskal Herriaren arima ez, ez da inoiz izango”. Aldarri horri eutsiz, Aberri Egunean ospatzen dugu euskal herrien arima horren parte garela; gizatalde bateko kide garela, nazio historiko bat osatzen dugula. Bere buruaz harro dagoen herria gara!

Jarri Ikurrinak etxeko balkoi eta leihoetan, ospatu euzkotarron egun handia!

Euskadi, Ikurrina eta euskararen egunean, guztiok Bilboko Plaza Barrira, Euskadiren askatasuna aldarrikatzera!

Gora Euskadi askatuta!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide