Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia Azkoitiko batzokian izan zen atzo, asteazkena. Batzokixen Berriketan egitasmoko laugarren gonbidatua izan zen hondarribiarra, eta Gipuzkoaren egungo egoeraz eta aurrera begirako erronkez jardun zuen solasean.
Egun Gipuzkoako langabezia tasa Espainiako Estatukoaren eta Europako Batasunekoaren batez bestekoaren azpitik dagoela azpimarratu zuen: "Pobrezia, desberdintasun, bazterkeria eta aberastasun banaketa neurtzen dituen Gini indizearen arabera, bigarrenak gara Europa mailan", azaldu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Haren ustez, gainera, lurralde eta herri bezala diren erronka handiei erantzuteko "gaitasun handiko" erakundeak izan arren, komunitate izaera eta elkarlana "guztiz beharrezkoak" direla azpimarratu zuen.
Erronken artean, berriz, Abiadura Handiko Trena (AHT) Ezkiotik (Gipuzkoa) igarotzearen garrantzia azpimarratu zuen Mendozak. Haren esanetan, "akats larria" litzateke AHTa Gasteiztik lotzea: "Herri moduan epe luzeko begirada behar dugu, eta Ezkioren aldeko apustua askoz lehiakorragoa da. Deskarbonizazioan gehiago eragingo du, errepidetik ibilgailu gehiago aterako dituelako. Gainera, ingurumenaren ikuspegitik, inpaktua txikiagoa da eta ez du saturazio arriskurik". Horrez gain, Nafarroarekin lotura Ezkiotik egiteak herri proiektua indartu egiten duela ere adierazi zuen ahaldun nagusiak.