Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria izango da Batzokixen Berriketan egitasmoko hirugarren gonbidatua

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EGI 2024ko aza. 26a, 08:23

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria. (Irekia)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria izango da etzi, osteguna, batzokian. Azkoitiko EAJk eta EGIk elkarrekin antolatutako Batzokixen Berriketan egitasmoko hirugarren gonbidatua izango da Elgarresta.

Miren Elgarresta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria izango da Azkoitiko EAJk eta EGI elkarrekin antolatutako Batzokixen Berriketan egitasmoko hirugarren gonbidatua. Joseba Diez Antxustegi eta Iñigo Arbiolen atzetik, zumarragarra izango da egitasmoko hirugarren protagonista. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna igaro berri den honetan, batzokian egingo den solasaldian parte hartuko du hark etzi, osteguna, 18:30ean.

Albaitaritza ikasketak gauzatu zituen Elgarrestak Zaragozako Unibertsitatean, baina Euskal Ikasketen diploma eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza masterra ere baditu. 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendari izendatu zuten, Markel Olano diputatu nagusiaren sailera atxikita. 2015-2019 legealdia bukatuta, kargu berean jarraitu zuen 2022ra arte; izan ere, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Emakundeko zuzendari izendatu zuen orduan.

Emakundeko zuzendariak emakumeen gaur egungo egoera izango du hizpide ostegunean, baita Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzearen garrantzia ere. Elgarrestak dioenez, "oraindik oso beharrezkoa" da egun hori ospatzea; are gehiago, gaur egungo "indarkeria matxistaren negazionismo testuinguruan honetan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide