Iñigo Arbiol izango da Azkoitiko EAJk eta EGIk elkarrekin antolatutako Batzokixen Berriketan egitasmoaren bigarren saioko gonbidatua. Bilbotarra da Arbiol, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako irakaslea, eta AEBetako hauteskundeei buruz solasaldia eskainiko du hark batzokian urriaren 30ean, asteazkenez, 18:00etan hasita.
Historia Moderno eta Garaikidean lizentziatua da Arbiol, baita doktorea ere, Gerra Hotzaren ostean AEBk izandako kanpo politikaren inguruko tesi batekin. Bakearen aldeko ikerketa-zentro batean lan egindakoa da hura, eta Nazio Batuen Erakundean (NBE) eta AEBetan da aditua.
AEBetako hauteskundeetan oinarrituko du bilbotarrak solasaldia, eta besteak beste, hango emaitzek mundu mailan izan dezaketen eraginaren inguruan hitz egingo du. Gure bizimoduan izan ditzakegun aldaketez jabetzen eta egungo egoera geopolitikoa ulertzen lagunduko digun hizketaldia izango da. Dena den, gerren norabidea, ekonomia eta nazioarteko harremanak ere hizpide izango ditu. Horrela, hausnartzeko eta norbere ideiak partekatzeko aukera izango da.