Ikuspegi orokorra
2023ko irailaren 14an egin zen Azkoitiko Kirol Sarearen lehendabiziko bilera. Argi geneukan bilera hark izandako harrerak baldintzatuko zuela AKS-ren sorrera. Lehendabiziko bilerak hamar elkarte eta bost udal zinegotzi bildu zituen eta, piztu zuen interesa ikusirik, aurrera egitea erabaki zen. Urte honetan, lau bilera egin ditugu eta honako gaiak jorratu dira:
- Azkoitiko Kirol Sarearen aurkezpena
- Elkarte eta norbanakoen aurkezpena
- Diagnosi galdetegiaren emaitzen analisia
- Udaleko kirol-mahaiaren osaketa
Aktak hemen ikusgai
Paraleloki, ekintza puntual bat burutu dugu eta beste bat burutzea eragin dugu.
Udaleko kirol teknikari berria
Apirilean udalak kirol teknikari berria kontratatu zuen datozen lau urteetarako. Kirol teknikari berria lanaldi osoan ari da ordutik. Hainbat aldaketa datozela aurreikusten da eta datozen hilabeteetan izango dugu horien berri. Positibotzat jotzen dugu udal kirol teknikaria egiten ari den lana.
Azkoitiko udalari proposatzen dioguna
Azkoitiko Kirol Sareko talde eragilea kudeatzen dugunok herritar talde bat gara, herriko kirol jarduna hobetzeko asmoari gure denbora librea eskaintzen diogunak. Bileretan aipatu diren hainbat gai udalak landu beharrekoak dira eta ondorioz, udalari honako gauza hauek proposatzen dizkiogu:
- Udaleko diru laguntzak
Diru laguntzak jasotzeko baldintzak oso zaharkituta daude. Baldintza hauek garai berrietara egokitzea behar dela uste dugu. Horretarako, herriko kirol elkarte eta norbanakoen iritziak kontutan hartu beharko liratekeela uste dugu.
- Kirol-mahaia eta elkarteen arteko kohesioa
Udaletik datozen eta kirol elkarte eta norbanakoei eragiten dieten gaietan, erabakiak denon artean hartzea garrantzitsua dela deritzogu. Bestalde, elkarte eta norbanakoen arteko kohesioa lortzeko pausoak ematea ezinbestekoa dela uste dugu, era ezberdinetako ekintzak antolatuz.
- Udaletxeko harrerak
Elkarte edo norbanakoei udaletxean egiten zaizkien harrerak arautu beharko liratekeela uste dugu.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntzak
Gipuzkoako Foru Aldundiko diru laguntzak ateratzen direnean, udalak elkarteak informatu eta diru laguntza horien tramitazio kudeaketan lagundu beharko lukeela uste dugu.
- Kirolari onenaren sari banaketa
Urte amaieran udalean ospatzen den kirolari onenaren sari banaketan hainbat hobekuntza egin beharko liratekeela uste dugu. Adibidez, boluntarioen lanari ikusgarritasuna eman eta kirolari onenaren aukeraketan, herritarrei bozkatzeko aukera eman.
Gai hauetakoren batean udalak esku-hartzeren bat egin nahiko balu, Azkoitiko Kirol Sarea prest egongo litzateke, ahal duen neurrian, iritzia eman edota laguntza eskaintzeko.