Azkoitiko PSE-EEk abstentzio kritikoa eman du 2026ko udal aurrekontuen bozketan. Janire Igoa bozeramaileak azaldu duenez, sozialistentzat "funtsezkoa da udalak zerbitzu publikoen funtzionamendu normala bermatuko duten aurrekontuak izatea, Azkoitiak aurrera egiten jarrai dezan".
Udal talde sozialistak hamar proposamen aurkeztu ditu aurrekontuetarako, eta gobernu taldeak horietako bakarra onartu du: Azkoitiko Babes Sarea (ABS) taldeari diru laguntza ematea, EH Bilduk eta Azkoitia Baik ere proposatutakoa. Onartu ez diren PSE-EEren proposamenen artean dago garbigune mugikor bat sortzea. Sozialistek beharrezkotzat jotzen dute ekimen hori, batez ere egungo testuinguruan, garbigunea hainbat hilabetez itxita egongo baita lanengatik. Neurri hori konpromisoen atal batean utzi dute, eta Urola Erdiko Mankomunitatean gaia proposatuko dutela baino ez dute adierazi.
Bestalde, bozeramaile sozialistak esan du faltan sumatu duela "udal talde guztiekin negoziazio zabalagoa eta pluralagoa" izatea. Gobernu taldea EH Bildurekin eta Azkoitia Bairekin saiatu da negoziatzen, talde sozialistari elkarrizketa eskaini gabe.
Desberdintasun horiek egon arren, eta Azkoitiaren etorkizunerako kontuek duten izaera estrategikoa kontuan hartuta eta zerbitzuak nahiz inbertsioak ez geldiarazteko edota ez blokeatzeko helburuarekin, aurrekontuen bozketan abstenitu egin da PSE-EE.