Azkoitiko PSE-EEk etsigarritzat jo du EAJ buru duen udal gobernuaren agintaldiko lehen urtea.
Janire Igoa bozeramaile sozialistak deitoratu egin du dagoeneko 365 egun baino gehiago igaro izana "eta gure udalerriak dituen arazo asko konpondu gabe" jarraitzea. "Era berean, ez dago aurreikuspen argirik epe laburrera herritarren egunerokotasunerako funtsezkoak diren proiektuak gauzatzeko", gaineratu du.
Hori da aparkalekuen egoeraren kasua. Arazo larri honi irtenbidea emateko azterketa bat premiaz egitea eskatu dute sozialistek. "Azkoitiko gune batzuetan aparkatzea ezinezkoa da oraindik. Ez dugu ulertzen zeren zain dagoen gobernua. Aspaldi ohartarazi genuen gure udalerriak ezin duela horrela jarraitu. Azterketa bat egin behar da arazo honi irtenbidea emateko eta udalerrian dagoen auto pilaketa arintzeko", adierazi du Igoak.
PSE-EErentzat kezkagarria da erabaki esanguratsurik ez egotea. Ildo horretatik, sozialistek gogorarazi dute denbora luzea daramatela atletismo pista bat eraikitzeko eskatzen, herritarrei kirol instalazio egokiak eskaintzeko eta tokiko kirola sustatzeko. Eskaera horiei entzungor egin die udal gobernuak, pistari buruzko azterketa bat egiteko partida 2023tik prest dagoelako.
"Azkotiak bultzada bat behar du lozorroan ez geratzeko. Horregatik, EAJren gobernuari eskatzen diogu premiazko neurri erabakigarriak har ditzala herritarren benetako arazoei aurre egiteko. Ezin dugu ezer gehiago egin. Bada garaia gobernuak gure bizilagunen ongizatearekin eta garapenarekin benetako konpromisoa erakusteko", esan du Igoak.