2026-11-25eko udal bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai

Gaurko udal bilkuran, adierazpenen gain eztabaidatu dugu gehien, baina hirugarren puntuan 3M zertan gastatuko diren azaltzea ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu, udal batza honetako kide berriari ongi etorria eman diogula ahaztu gabe. 

Udal osoaren ohiko bilkura

Data: 2026-11-25

 

1.- Itsaso Mendizabal Salegi zinegotziaren kargu hartzea.

Alderdi bakoitzak jakingo du bere taldea nola antolatu, eta eh bilduren erabakia hau bada, guri, ados azaltzea eta ongietorria ematea besterik ez zaigu gelditzen.

 

2.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

 

3.- Oñartxo zabortegi zaharrean lixibatuen tratamendu zerbitzuak finantzatzeko 1 zenbakidun konpromiso kredituaren onespena.

Seguruenik ez da puntu hau izango eztabaida gehien sortuko duena, baina bilkura honetako garrantzitsuenetako bat dela garbi dagoela esango genuke. Erabaki txar baten ondorioz, 100.000€ inguruko kantitate hau gutxienez 30 urtetan ordaintzea tokatuko zaigu. Dagoeneko uste dugu badela okerra onartzeko garaia. Guk, gai honetan beti egin izan dugun kritika mantentzeko, abstenitu egingo gara, gure abstentzioarekin ordainketa egitea baliatzen dugulako eta epaileak hartu zuen erabakiaren aurka ezingo dugulako beste ezer egin.

 

4.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko 7 zenbakidun espedientearen onespena.

Aurkeztu dituzuen partida hauekin ados gaude eta baietz bozkatuko dugu.

 

5.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 8 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Txalon errekan egin den horma horretan gastatu den dirua hasieratik esan dugu gehiegizkoa iruditzen zaigula, eta orain hasierako aurrekontua ia bikoiztu dela jakinik are gehiago.

Beste partidekin ados gaude eta abstenitu egingo gara.

 

6.- Pauso Berriak Programaren zerbitzuari dagokion kredituen judizioz kanpoko aintzatespenaren onespena.

Pauso garrantzitsua eman dela iruditzen zaigu, eta adimen desgaitasuna dutenek, kontratu duinago bat izatea ahalbidetuko dugula jakinik, baietz bozkatuko dugu, eta beti bezala, ondo eginiko lanaren onarpena eta zorionik zintzoenak.

 

7.- Udal eraikinen garbiketa zerbitzuari dagokion kredituen judizioz kanpoko aintzatespenaren onespena.

Zalantzarik ez dagoela dirudi lanak, egin, egin zirela, beraz ordaintzea tokatzen da eta gure oniritzia emango diogu.

 

8.- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako Adierazpen Instituzionala, Azaroaren 25eko Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunari buruzkoa.

Bi adierazpen ditugu jarraian, beraz, honelakoetan egin ohi izan dugun bezala, puntu honetan erantzungo diegu biei.

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean ez dugula inolako zalantzarik. Indarkeria hori gaitzesten dugu, eta uste dugu erakundeok erantzukizun handia dugula horri aurre egiteko, prebenitzeko eta biktimei behar duten babesa eskaintzeko.

Hori ez dugu zalantzan jartzen. Zalantzan jartzen duguna da horrelako adierazpenak onartzea, eta benetako konpromisoaren ordezko bihurtzea.

Badakizue gure taldea ez dela mozio eta adierazpenen aldekoa. Ez gaur, ez atzo. Askotan esan dugu horrelako ekimenak, gehienetan, testu bat irakurri eta onartzera mugatzen direla; ondoren, ordea, ez direla behar bezala gauzatzen. Are gehiago, batzuetan, adierazpen horiek onartzeak ematen duen irudiak benetako lana egina dagoelako sentsazio faltsua sortzen du.

Gure ustez, konpromisoak ez dira adierazpen batean idazten diren hitzak; ondoren egiten diren ekintzak dira.

Horregatik, guk beste bide bat proposatzen dugu. Ez gara kritika hutsean geratzen. Urteetan zehar, osoko bilkuretan, gure inguruan gertatutako eraso matxisten berri eman eta eraso horiek jasan dituzten emakumeei babesa adierazi diogu eta baita besteoi proposamen horretara batzeko eskaria egin ere. Denbora luzez, gure taldea izan da ekimen hori aurrera eraman duen bakarra.

Ekintza xumea izan daiteke, baina gure ustez, adierazpen orokor bat irakurtzea baino askoz ere eragin zuzenagoa izan dezake. Hala ere, ez genuke ekimen horretan berriro bakarrik hasi nahi. Beste taldeen babesa eta inplikazioa eskertuko genituzke, guztion artean eginez gero, askoz ere indar eta oihartzun handiagoa izango lukeelako.

Gaur egun, gainera, osoko bilkurak zuzenean ematen direla jakinik, horrek aukera ematen digu gure herrian gertatzen den errealitate hori herritarrei helarazteko.

Beraz, orain udal honetan Berdintasun Saila dugula jakinda, proposamen hori berriro mahai gainean jarri nahi dugu. Hilero gure inguruan gertatzen diren erasoen berri ematea, gaitzespen publikoa adieraztea eta biktimei eta haien ingurukoei babesa helaraztea. Ez dugu uste hori egiteko adierazpen berri bat behar denik. Borondatea eta lan egiteko konpromisoa behar dira.

Bestalde, adierazpen honetan jasotzen dituzuen konpromisoetako asko dagoeneko martxan dauden ekimenak eta egiten ari diren lanak dira: sentsibilizazio-kanpainak, hezkidetza-programak, herritarren aktibazioa eta indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko mekanismoak, besteak beste.

Beraz, gure galdera ez da soilik zer jasotzen den adierazpen honetan, baizik eta zer berri dakarren, zer hobekuntza ekarriko dituen eta orain arte egiten ari den lanari zer ekarpen egingo dion.

Gure ustez, garrantzitsuena ez da dagoeneko egiten dena beste behin adierazpen batean jasotzea, baizik eta martxan dauden ekimen horiek indartzea, beharrezkoak diren baliabideak eskaintzea eta oraindik ere hobetu beharreko arloetan urrats berriak ematea.

Izan ere, pasa den hilean UEMAren adierazpenaren harira, gure jarrerak eztabaida sortu zuen. Adierazpen horren alde ez egiteagatik, arduragabeak ginela esan zitzaigun, eta talderen batek egindako lanarekiko errespetu falta leporatu zigun.

Guk gaur ez dugu inoren lana gutxietsi nahi. Baina bai gogorarazi nahi dugu konpromisoak hartzea gauza bat dela eta horiek betetzea beste bat.

Pasa den hileko adierazpenean, besteak beste, honako konpromiso hauek hartu zenituzten:

  • Erabilera-planean onartutako hizkuntza-irizpideak betetzea.
  • Kontratazio publiko guztietan hizkuntza-baldintzak txertatzea eta horien jarraipena egitea.

Bada, hilabete honetan bertan,  Elkarguneko ekintza batzuk gaztelania hutsean ematen diren berria heldu zaigu, eta besteoi ere iritsiko zitzaizuelakoan gaude. Ez da kontu honetaz eztabaidatu dugun lehen aldia, aurretik ere berdina gertatu izan da.

Bakoitzak bere erabakiak hartzeko askatasuna du. Baina hemen ez gara pertsona horien erabakiaz ari; udalaren erantzukizunaz ari gara.

Guk argi esan izan dugu, eta berriro diogu: ez dugu onartzen Azkoitiko Udalak herritarrei gaztelania hutsean eskainitako zerbitzurik. Udalak bermatu behar du herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea, eta hori ezin da langile edo zerbitzu jakin baten borondatearen menpe utzi.

Horregatik, galdera zuzena da: pasa den hilean adierazpen batean idatzitako konpromiso horiek betetzen ari al zarete? Hizkuntza-baldintzak benetan txertatzen eta betetzen direla kontrolatzen ari al zarete? Konpromiso horiek eguneroko udal-jardunean islatzen al dira?

Hau bai dela adierazpen batean idatzitakoaren eta errealitatearen arteko aldea.

Eta ez dugu hau esaten inori errespetu falta erakusteko. Kontrakoa baizik: herritarrekiko errespetua konpromisoak betetzea da. Euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko errespetua, indarkeria matxista jasaten duten emakumeekiko errespetua eta, oro har, udalaren jardunaren arduradun garenon erantzukizuna.

Horregatik, gaur ere gauza bera eskatzen dugu: adierazpenak eta mozioak irakurtzen jarraitu nahi baduzue, aurrera, baina ez zaitezte horretan gelditu. Ondoren, benetako neurriak hartu eta konpromiso horiek ekintza bihurtu, abenduaren 3an onartuko duzuen adierazpenak dioen bezala.

Ez dugu nahi urtean behin emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duen testu bat irakurtzea eta hurrengo egunean ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzea. Ez dugu nahi euskararen aldeko konpromisoak paperean jasotzea eta gero eguneroko jardunean ez betetzea.

Konpromisoak ez dira adierazpen batean idazten diren hitzak; konpromisoak betetzeko hartzen diren erabakiak eta egiten diren ekintzak dira.

Aurreratzen dizuegu, abenduaren 3ko adierazpena onartzera ez garela joango, baina ez bertan jartzen duenaren kontra gaudelako, justu idatzita dagoenarekin bete betean bat egiten dugulako baizik, adierazpenak dioen bezala dagoeneko hitzetatik ekintzetara pasatzeko konpromisoa hartu behar dugulako.

Beraz, enegarrenez gure erabakia argi azalduz, guk, besteon erabakia errespetatzen dugun bezala, gurea ere errespetatzea eskatzen dizuegu, eta adierazpen eta mozioetan aurka bozkatzen jarraituko dugu.

 

  1. hitzartzea:

Ez gara liskarretan sartuko. Guk zuen jarrera errespetatzen dugun bezala gurea ere errespetatzea eskatzen dizuegu.

Guretzat hemen esandako denetik garrantzia gehien dutenak egin beharreko bi ekintzak dira. Elkargunean zerbitzua euskaraz eskainiko dela bermatzea, eta indarkeria matxista salatzeko guk proposatutakoaren aurrean besteon jarrera azaltzea.

 

9.- EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako Adierazpen Instituzionala, Euskara egunari buruzkoa.

Aurreko puntuan azaldu dugunagatik, ezetza bozkatuko dugu.

 

10.- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: 2025eko sarrera handiagoak zorra murrizteko erabili behar den obligazioari buruzkoa.

 

11.- Kontu-hartzailearen txostenaren berri ematea: 2025eko aurrekontu

superabitaren erabilpenari buruzkoa.

 

12.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

13.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

14.- Galde-erreguak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide