Azkoitia Baik urriko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai

Gaurko udal bilkura berri txar batekin hasi da, tren istripuaren aipamena eginez, baina osterantzean, hona hemen urriko udalbatzarrean Azkoitia Baik esandakoak eta bozkatuak. 

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados

2.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 7 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Ia bi urte pasa dira partida hauek jarri zirela eta oraindik batzuekin ez dela aurrerapausorik eman esango genuke, batik bat oposiziotik proposatu izan direnekin. Azken udalbatzarrean aipatu genizuen landabideen kontua. Gai honekin 10 urtera helduko gara. Herriko landabideen inbentarioa ondo egitea garestia zela aipatu zen batzorde batean orain dela lau hilabete eta erdi, baina aztertuko zela, eta ondoren zenbaki zehatzago bat ekarriko zenutela (2026-06-11ko lurralde batzordeko aktan Geograma enpresarekin hitzordua izateko konpromisoa hartu zen, eta estimazio bat eskatuko zela esan zen). Hemen jarri duzuen kantitatea estimazio hori egin ondorengoa da, edo oraindik egiteko dago?

Guk partida hauei lehen ere gure oniritzia eman genien, eta ez dugu arazorik partida denak onartzeko, baina ea iraungi aurretik erabiltzen ditugun, batzuetan gerakina loditzeko erabiltzen duzuen errezeloa baitugu, ondorengo urteetan nahieran erabili ahal izateko.

Kreditu gehigarri honetan berriro jarriko ditugun hasi gabeko partidak, oposiziotik proposatutakoak: Ikastolako patioa, azoka plaza barrutik atontzea, Txerloian komunak eta aldagelak, komun pulbikoak herrian, baserri bideen inbentarioa, landa lurren erosketa, udal eraikinen trantsizio energetikoa.

Hemen oraindik bideratu gabe dauden beste hainbat partida:

Atletismo pista, ibaiko barandiletako saretxoak, coworking gunea, skate parkea, herritarrek udaletxearekin harremanak izateko aplikazioa, Ipintzako komunak, Gizarte Zerbitzuen modernizazioa, Ipintzan irisgarritasun lanak edo Elkarguneko areto nagusiaren egokitzapena, besteak beste.

Apartamentu tutelatuen gaiak ere ia urtebete darama geldirik.

3.- EAJ-PNV eta EH Bildu udal taldeek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), ESNATU dinamikaren baitan aurkeztutako mozioa.

Badakizue, edozer gai lantzeko, mozioak erabiltzea ez dela gure ustez egokiena, mozio asko irakurtze hutsean gelditzen baitira. Ea honekin ez den hori gertatzen. Bestalde, hemen egiten diren eskari guztiak lantzen hasteko gure prestutasuna adierazi, baina mozio denekin egiten dugun bezala kontra bozkatuko dugula esan nahi dugu. Laburbiltzeko, mozioen aurka gaudela, ez euskararen aurka.

4.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

5.- Galde-erreguak.

6.- Urgentziaz: Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko kontratuaren esleipena.

Honen aurrean, aurreko udal bilkuran esan genuenetik aparte ez dugu ezer berririk esateko. Kontratazio mahaietan izan garela, akats/nahaste txiki bat egon zela, eta horrek esleipena zerbait atzeratu duela, baina horrez gain ez dela beste aparteko ezer egon eta onartzeko ez dugula inongo eragozpenik. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide