2026-10-08 Udal bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai

Gaurkoan ordenantza fiskalak izan ditugu eztabaidagai, baina herritarrentzat interesgarriak diren beste hainbat gai ere atera ditugu. Horratx, hilero bezala idatziz.

Udal osoaren ez ohiko bilkura

Data: 2026-10-08

 

1.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua esleitu aurretik

dokumentazioa errekeritzea

Kontratazio mahaietan izan gara, eta hasieran izandako nahaste/akats txiki batek prozesua zerbait atzeratu zuela kendu ezkero, ez da beste aparteko arazorik izan eta baietz bozkatuko dugu.

 

2.-.-2027rako trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Udalak eman beharko lituzkeen zerbitzuen kalitatea mantentzeko ezin bestekoa da presio fiskala  KPIaren arabera handitzea. Zerbitzuen kalitatea ez dugu orain hemen aztertuko, hor, seguru herritar bakoitzaren irudipena ezberdina dela. Guk behintzat, dudarik ez duguna, zera da; zergak eta zerbitzuak elkarrengandik ezin direla aldendu, eta zergarik gabe, zerbitzu asko, ordaindu dezaketenentzat soilik izango liratekeela. Ttipi ttapa elkarteak antolatu zuen hitzaldian garbi azaldu zuten gai hau. Alzheimer gaixotasunari laguntzeko pilulak atera dituzte eta EEBBetan onartu ondoren Europara ekarri. Lehen iritsi zirenak ez ziren onartu. Bigarrenak bai, baina garestiegiak direnez ez ditu gizarte segurantzak finantzatuko. Beraz diru asko dutenak soilik erabili ahalko dituzte. Denok dakigu zein izan diren beti zergak jaitsi behar direla esaten dutenak, eskuinerako joera duten alderdiak.

Pasa den urtean KPIaren arabera zerga gehientsuenak 4 hamarren gutxiago igo genituen, eta aurretik esandakoaren arabera zati bat behintzat berreskuratzea da guretzat Azkoitiko herritarrei begira egokiena.

Pasa den urtean KPIak %2,9an bukatu zuen eta gure igoera %2,5ekoa izan zen. Beraz aurtengoa %3,7a izango dela suposatzen den honetan, %4a igotzea proposatzen dugu zerga gehienetan.

Salbuespena Ondasun Higiezinen zergan, IBI-an, egingo genuke, zerga honetan beste ondoko 19 herriekin konparatuz garestixeago gaudelako eta horri ere bere garrantzia ematen diogulako.

Hobariak auto hibrido denei eman beharrean, hibrido entxufagarriei ematea ondo iruditzen zaigu. Datorren urtera begirako ordenantza fiskalei begira aldaketa hau bultzatu dugu, eta aurreko urteetan jaso zituztenak epea bukatu arte bere horretan mantenduko direla argitu orduko planteatu genuen horrela izatea.

Dena den, hasieran aipatu dugunaren arabera, eta zergatik igoko genituzkeen guk zergak azaldu ondoren, esan behar denok ere ez gaudela elkarrengandik oso urrun, baina guri gurea egokiagoa iruditzen zaigunez, eta beste alderdien babesa jaso ez dugunez, ezetzik ez diogula emango, baina ezta baietzik ere, beraz abstenitu egingo garela.

Ez pentsa herriko landa bideen tasarekin ahaztu garenik, baina beste agintaldi bat pasako den itxura osoa du. Hurrengo agintaldiaren zain gelditu beharko dugu, ezta?

 

3.- 2027rako ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Aurretik azaldu dugun bezala, urteetan indarrean egon den taulari bere garrantzia ematen diogu, eta beste 19 herriekin konparatuz, besteok baztertu zenuten, erdian kokatzeko irizpidearekin jarraitzen dugu eta horregatik onartzen dugu kasu honetan KPIa baino gehiago ez igotzea, beraz, ados.

 

4.- 2027rako hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan (plusbalian), koefiziente aplikagarrien taula onartzeko ez dugu inongo arazorik, baina karga tasak %4 igotzea proposatu dugunez abstenitu egingo gara.

 

5.- 2027rako eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kuota zehazteko funtsezko elementuak arautzen dituen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Puntu honetan guk ikusten dugun arazoa ez dago zergen ehunenekoetan, iruzurrean baizik. Pasa den urtean ere komentatu genuen kontu hau, eta proposamen batzuk egin ditugu. Aurtengo urtean ere, hainbat enpresak legeztatu behar izan dituzte aurretik eginiko ezkutuko obrak. Herritarren artean ere, zerbait deklaratzekotan, herritarren artean zabalduta dagoen aholkua ez da egin beharreko obra dena deklaratzea, ahal bezain gutxiena baizik. Etxeko obra integral batengatik eta dutxa aldatzeagatik berdin ordaintzen dela alegia. Hemen ere, obra handi bat egiteko dirua duenak, obra txikia besterik egiteko dirua dutenen bezainbat ordaintzen duela. Honek ezin du horrela jarraitu, zerbait aldatu beharra dago.

Ezkutuko obrak egin dituzten enpresei ere ez zaie aparteko gainkosturik kobratzen, beraz, deklaratzera bultzatuko dituen neurriak hartzea tokatzen zaionez udalari, guk honako hauek proposatu ditugu.

Momentuz, udaltzainen kontrol zorrotzagoa, jarri behar diren isunak jarriz, eta horrek eraginik izango ez balu, obra ikuskari bat kontratatzea proposatzen dugu. Bere soldata ordainduko lukeelakoan gaude gu.

Dena den, batzordeetan hitz egindakoaren arabera, udaltzainen kontrola, besteoi, ondo iruditu zitzaizuela dirudi eta ea ba hori indartzen den.

Eskaera hau zuzentzeko konpromisoa hartuko bazenute, gure baietza emango genizueke, baina bitartean, momentuz, abstenitu egingo gara.

 

6.- 2027rako udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Hasieran esan dugu, guri %4a igotzea egokiago iruditzen zitzaigula, beraz abstenitu egingo gara.

 

Pasa den urtean aldaketa hau ezarri genuen baratza publikoko tasetan:

2026ko abenduaren 31an baratza erabiltzeko aukera balute, urteko kuota abenduan likidatuko da.
Aldiz, 2026 ekitaldian zehar lagapenaren aurretiazko amaiera erabakiko balu udalak, 2026ko tasa ez da likidatuko.

Eta zergatik egin zen aldaketa hau? Baratzak aldatzea aurreikusten zelako, ezta? Noiz aurreikusten duzue eremu berrira aldatzea?

 

2.hitzartzea:

Altamirako eremu horretan etxebizitza pribatu eta babestuak egitea aurreikusita dago. Kontzertazio junta bat dago osatuta, Udala, Azkoitia lantzen eta herriko enpresa pribatu bat dira junta hori osatzen dutenak. Enpresa pribatu honek, Juinberri izenarekin, soilik etxebizitza pribatuak egitea planteatu zion juntari. Hori ahalbidetzeko, udala mugimenduak egiten hasi zen. Horien artean, Altamirako baratza ekologikoak beste toki batera eramateko pausuak. Baratzen toki aldatzea gauzatzeko, beste alderdiei ezer esan gabe, Uxerren lursail bat alokatu du udalak.

  • Alokariaren prezioa: 1.000€/hilean
  • Alokairuaren epealdia: 12 urte.

Guk, herritarrentzat onura berezirik ekarriko ez duen eraikuntza pribaturik ez dugu babestuko, eta gaur gaurkoz hortik urruti gaudelakoan gaude.

Beraz, Oraindik baratza berrien eremua prestatzen hasi ez, eta dagoeneko ekainetik 1.000€ ordaintzen hasiak bazarete, Altamirako urbanizazioarekin berehala hastekotan zaretelako izango da ezta?

Bestela, urbanizazio lanekin berehala hasi behar ez baduzue, hau da, etxebizitzen eraikina bideratu ez baduzue, baratzak tokiz aldatu beharrik ez litzateke egongo, eta orduan zertarako alokatu Uxerreko lursail hori?

1.000€ hilero ordaintzea, zerbait egingo bada ulertu daiteke, baina Altamirako urbanizazio eta etxebizitzak eraikitzeko oraindik nahiko berme ez badago, diru hori zakarrontzira botatzen jarraituko dugu?

 

7.- 2027rako hondakin solidoak eta geldoak biltzeko, tratatzeko eta aprobetxatzeko edo deuseztatzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Tasa defizitarioa ez izateko legea sartu zen orain pare bat urte indarrean, eta hori dela eta industriaren tasak %7,7a igotzea eskatzen du, eta herritarrenak %13,29a, bakoitzak bere kostua estaltzeko adina. Kopuru handiak dira. Ea noizbait herri bezala kontzientzia hartzen dugun zaborrarekin sortzen ari garen arazoaz. Diru kantitate handiak mugitzen dira zaborrarekin, baina gure esku ere asko dagoela esango genuke, eta mundua zaborrez bete aurretik ea bakoitzak bere ardura hartzen dugun. Gu irizpide honekin jarraitzeko prest.

Hurrengo pausua sortzez besteko ordainketa ezartzea izango litzateke, eta mankomunitatetik ari gara pausotxo batzuk ematen. 15 bat urte eman genituen tasa defizitarioa izan ez zedin, urtero, eskaera berdina egiten. Azkenean Europako lege batek babestu zuen gure eskaria. Ea hurrengo pausuak azkarxeago emateko gai garen.

 

8.- 2027rako zerbitzu publikoak eman eta jarduerak egiteagatiko tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

Hasieran esan dugu, guri %4a igotzea egokiago iruditzen zitzaigula, beraz abstenitu egingo gara.

 

9.- 2027rako Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi-ekipamenduan eta Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen tasa arautzen duen Ordenantza Fiskalaren aldaketaren hasierako onespena.

2023ko urrian, prezioekin ez ginela gehiegi tematuko genion, kontratazio berria berehala egin beharra zegoelako eta horren baitan eztabaidatzea adostu genuelako. Hiru urte geroago oraindik ez dugu prozesuarekin bukatu eta martxa honetan agintaldia bukatuko da.

Guk pazientziaz itxaron dugu, erantzun beharreko galdera eta proposamenak, esanda bezala, garaiz egin ditugu, baina aurretik genituen zalantzei ez zaio erantzunik eman, ez dira eztabaidatu ere egin, eta horrela jarraitzeak ez du zentzu handirik.

Udalean ezin bada koordinatu kontratazio berri hau, azterketa ekonomiko finantzarioarekin egin den bezala, plegu teknikoak ere kanpoko enpresa batez bideratu beharko dira, onez gero, horrela egin izan balitz, jardueretako prezioen alde nabarmenei, herriko plazako aretoaren eta tabernaren kudeaketari, gimnasioaren berritzeari,… irtenbide bat eman eta kontratazio berria martxan egongo litzatekeelako.

Bestalde, aurreko puntuan bezala, %4ko igoera egokiagoa dela iruditzen zaigunez abstenitu egingo gara.

 

10.- 2027rako Taxi tarifen onespena.

Urtero bezala azterketa ekonomikoa bidali digute eta azterketa horren arabera %2,7ko igoera proposatzen dute. Azken urteetan aho batez onartu ditugu beraiek proposatutako igoerak, KPItik urruti egon arren, eta besterik ezean berdin jarraituko dugu.

 

11.- Nagore Orbea Sanchez zinegotziaren dimisioa onartzea

Gu ez gara inor beste alderdi bateko antolaketan sartzeko, gai pertsonaletan are gutxiago, baina kultura eta kirol arloan, ekarpenak egin dituen zinegotzia izan dela garbi dugu, eta faltan botako dugu. Udaletik at ere ekarpenak egiten jarraituko duela ez dugu inongo dudarik, eta plazer bat izan dela zurekin lana egitea esatea besterik ez zaigu gelditzen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide