1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2.- 2026 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko lanpostuen zerrendaren eta plantillaren lehenengo aldaketaren hasierako onespena.
Udaletxeko langile bati asko sufritzea tokatu zaio gai honekin. Egonkortze prozesua zela eta, gure udalean administrari postu bat sobran zegoela esan zen lehen egunetik, eta inoren gustukoa ez zen elkarren arteko lehia bat sortu zen udaletxeko langile, lagunen artean. Udaletik lehenago bideratu zitekeela dena ere azaldu izan digute, baina azkenean behintzat, denak udaletxean lanpostua mantentzea lortu dute, eta nahiz eta langile horri behar baino gehiago sufritzea tokatu zaion, azkenean bere lana zein arlotan egin aukeratzeko beta izan du. Benetan pozten gara, eta, nola ez, gure baietza emango diogu aldaketa honi.
3.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 6 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
Ezagutzen nauzuenok, nire taldekideok eta nirekin batera urteak daramatzazuenok udalean, jakingo duzue ni futbolzalea naizela. Futbola gustatzen zait, baina badira urteak gaur egungo futbola gustatzen zaidala esateak, askotan, lotsa ematen didala.
Kirola egiteaz haratago, industria potentea bihurtu da, diru asko mugitzen duena, eta handitasun horretan talde xumeenak ere kutsatzen ari dela iruditzen zait.
Horregatik, Txerloiko belarraren zaintza udalari pasatzea planteatu zigutenean, hasieran, behintzat, ez zitzaigun ondo iruditu. Azken batean, Anaitasunak duen arazo bat udalari eta, beraz, herritarroi pasatzea bezala ikusten genuelako.
Eta hemen badugu kritika txiki bat udal gobernuari egiteko: Anaitasunatik duela bi urte baino gehiago jakinarazi zizuen futbol zelaiko belarraren zaintzan arazoak aurreikusten zituztela. Zuek, gainera, elkarrizketaren gobernua izango zinetela esan zenuten. Horregatik, guri orain arte ezer esan ez izana ez zaigu gustatu.
Egia da, gero, gaia aztertzeko behar genuen denbora hartzeko esan zenigutela, eta hori eskertu egiten dugu. Baina bi urte baino gehiago igaro ondoren, gehiago atzeratzea ere ez zitzaigun bidezkoa iruditu.
Horregatik, hitzarmena aztertu dugu, diru laguntzak eta beste ekarpen batzuk zenbatu ditugu, eta guztira, Anaitasunara bideratzen dena, 79.000 euro direla atera zaigu. Horietatik 15.000 euro Txerloiko belarraren zaintzari dagozkio, eta denboraldi honetan, kreditu gehigarri hau onartuko balitz, zenbateko hori deskontatu beharko litzateke.
Anaitasunako presidentearekin bildu ginen, irailaren 23an. Bilera tirabiratsua espero genuen, baina gure harridurarako, alde bietako planteamenduak nahiko hurbil zeuden. Ekintza soziala, etorri berrien integrazioa, emakumeen taldeak indartzea, gazteei tokia egitea, zelaia herritarrei zabaltzea... Helburu horiekin bat egiten dugu. Etorri berrien integrazioari buruz presidenteak kontatutako adibideek ere erakutsi ziguten Anaitasunak eta kirolak duten garrantzia gazte horientzat.
Garbi utzi genuen, bi aldeok, helburu horiek lortzeko belar artifiziala jartzea ezinbestekoa izango dela. Guk, Azkoitia Baitik, aurreko agintaldian belar artifiziala jartzea aztertu behar zela esan genuenean, ez genuen babesik aurkitu. Horregatik, orain jakin nahi genuke ea azterketa hori egiteko adostasunik badagoen.
Bileratik pozik atera ginen. Anaitasunaren balore eta helburu horiek betetzen laguntzea besterik ez zaigu gelditzen. Ea, hasieran esan dudana ere pixkanaka aldatzen den. Ea futbolak lotsa ematen jarraitu beharrean, Anaitasunak harro sentiarazten nauen.
Gure esku ere badago. Hasteko esan, bilera horren ondoren, Anaitasunako bazkide egin naizela. Bukatzeko esan, kreditu gehigarri honekin ados gaudela, baina garrantzitsua iruditzen zaigula, erosiko den makina berriak Txerloiko belarra mozteaz gain, herrian egin beharreko beste lan batzuetarako ere balio izateak. Horrela balitz, askoz hobe.
Beraz, Anaitasunaren helburuekin bat egiten badugu ere, abstentzioa emango dugu, udal gobernuari gure kritika adierazteko: elkarlan eta elkarrizketa handiagoa espero genuen, batez ere duela bi urte baino gehiagotik arazo honen berri bazenutenean.
4.- Azkoitiko udalerriko bake-epaile titularra eta ordezkoaren izendapenak onartzea.
Aurreko urteetako berak izanik, eta inongo kexarik jaso ez dugunez, gure baiezkoa emango diogu.
5.- Behin betiko onespenen berri ematea.
6.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
7.- Galde-erreguak.