2026-06-24ko Udal batza

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2026ko ekainaren 24a

Gaurko udal batzan, alkateak esan digunez, lehen aldiz, kreditu gehigarri bati emendakina aurkeztu diogu.

Udal osoaren ohiko bilkura

 

Data: 2026-06-24

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

 

2.- Azkoitiko bake epaile titularra eta ordezkoaren hautaketa jardunbideari hasiera ematea.

Ez diogu prozedurari inongo oztoporik ikusten eta baietz bozkatuko dugu.

 

3.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prestazioa esleitzeko jardunbidea hutsik uztea.

Kontratazio mahaian gure harridura aurkeztu genizuen, ez bai zitzaigun logikoa iruditzen gertatutakoa. Ondoren eman zenituzten azalpenak, antolakuntza batzordean, eta orduan ulertu genuen zergatik gelditu zen hutsik lizitazioa, beraz hau hutsik uztearen eta hurrengo puntuan, hasiera ematea proposatzen den jardunbidearen alde bozkatuko dugu

 

4.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prestazioa esleitzeko jardunbideari hasiera ematea.

Ados.

 

5.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 4 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Azkoitia Bairen emendakina:

Kreditu aldaketa honetan jasotzen diren partida gehienekin ados gaude, eta horregatik aurkeztu dugun emendakina ere partida bakar batera mugatu dugu. Batzordeetan,  gure kontrako iritzia emanagatik, ez zaigu inongo azalpenik eman, eta hor dago gure desadostasuna.

Badakigu Azkoitian etxebizitza beharra dagoela. Arazoa da urteak daramatzagula etxebizitza pribatuak sustatzeko pausoak ikusten, eta etxebizitza babestuak beti bigarren mailan geratzen direla. Txaloneko 10.1 eremuaren kasuan argi adierazi genizuen: etxebizitza babestuak lehenetsiko balira gure babesa izango zenukete. Baina kontrakoa gertatu da. Horrez gain, 700.000 euro inguruko kostua duen, eta denon artean ordainduko dugun azpiegitura bat eraikitzen ari da Azkoitia Lantzen, hau da, Azkoitiko Udala, etxebizitza pribatuak lehenbailehen egin ahal izateko.

Orain, Altamiran, antzeko egoera baten aurrean gaudela iruditzen zaigu. Berriro ere etxebizitza pribatuak eraikitzeko pausoak ikusten ditugu, etxebizitza babestuak bigarren plano batean utzita.

Gogoratu behar da, garaian egindako permuta baten ondorioz, eremu horretan hasieran enpresa pribatuenak ziren lurrak, gaur egun udalarenak direla, eta udalak etxebizitza babestuak eraiki nahiko balitu, eremu horretan dagoen ikastetxeari irtenbide bat eman beharko liokeela. Ondoren, eremuaren garapena fasetan egitea erabaki zen. Baina hala ere, gaur egun ikusten duguna da, ahalegin guztiak eremu pribatuaren garapenera bideratzen ari zaretela.

Gure esku dagoen dokumentazioaren arabera, lizentzia eskuratu ahal izateko eremu osoaren urbanizazioa bermatuko duen sistema aurkeztu behar du sustatzaileak. Hala ere, hiru hilabete daramatzagu gai honi buruzko informazioa eta azalpenak eskatzen, eta ez dugu udal gobernuaren aldetik horri buruz hitz egiteko deialdirik jaso.

Horregatik galdetzen dugu: dagoeneko hitzartuta al dago udalaren interesak eta herritarren berme guztiak jasoko dituen irtenbideren bat? Hala bada, zergatik ez da informazio hori partekatu? Eta hala ez bada, zergatik ari da Udala dagoeneko ondorioak aurreikusten?

Izan ere, oraindik Altamirako urbanizazio berria onartu gabe dagoenean, udal gobernuak, hilero 1.000€-ko kostuarekin, baratzeetarako lur berriak alokatuta ditu jada. Gauzak aurreikustea ondo dago, eta baratzen tasetan ere aurreikuspenak egin dira. Baina kasu honetan, beharrezko berme guztiak oraindik argitu gabe daudenean, urrats gehiegi ematen ari zaretela iruditzen zaigu.

Horri gehitu behar zaio, baratza horiek egokitzeko gaur onartu nahi den 50.000 euroko partida. Guk, gaur-gaurkoz eman zaigun informazioarekin, ez diogu gastu horri premiazko izaerarik ikusten, Altamiran etxebizitza pribatuak eraikitzeko berme osorik oraindik ez baitago, oraindik lizentziarik jaso ez dutelako.

Ea udalak herritarren interesak defendatzen dituen eta etxebizitza arazoaren aurrean erabaki ausartak hartzeko gai den. Gogoratu, gure ustez, herriko sarreran, badela Altamira aurretik garatu beharreko beste eremu bat, eremu degradatu eta kutsatu bat, baratza ekologikoak ukitu gabe garatzen saiatu beharko genukeena, Insausti.

Horregatik aurkeztu dugu emendakin hau, kreditu gehigarritik partida hori kentzeko eta udalaren baliabideak benetan lehentasunezkoak diren beharretara bideratzeko.

 

Gure emendakina onartuko ez denez: abstenitu egingo gara, baratzen partida ez ezik  besteak jartzearen alde gaudelako, eta udal gobernua, aurretik adostutako partidak jartzera behartzeko babesik ez dugulako

 

6.- Azkoitiko Hiri Antolaketako Araudietako 29-Gurutzeaga AU-n eraikitako kale berriaren izendapena onestea.

Proposamen egokia iruditzen zaigu eta baietz bozkatuko dugu.

 

7.- EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena: Ekainak 28, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askatasunaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna.

Enegarrenez esango dugu, mozio eta adierazpen bidearen aurka gaudela, instituzioak behartzeko ez zaigulako eraginkorra iruditzen. Badakigu herriko kolektibo honen diagnosia eta plana garatzen ari zaretela, eta hor, beti bezala, gure adostasuna izango duzue.

  

8.- Kontuhartzailaren txostenaren berri ematea: 2025 ekitaldiko Finantza barne kontroleko urteko txostena.

 

9.- Kontuhartzailearen txostenaren berri ematea: 2025 ekitaldian udal kontuhartzaileak planteatutako eragozpen txostenak, txosten teknikoak eta horiek ebazten dituen Alkatearen ebazpenak.

 

10.- Behin betiko onespenen berri ematea.

 

11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

 

12.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide