2026-04-29ko plenoa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2026ko apirilaren 29a

Gaurko udal batzarrean udal partida eta proiektuak denon artean lehenestea jarri dugu mahai gainean. Beti bezala horratx gure iritzia idatziz.

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados

2.- Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko jardunbideari hasiera ematea.

Udala, enpresa, langileak, alde denak adostasunera iritsi izanak asko pozten gaitu, eta ea lehen bai lehen denon artean onartutako kontratazioa martxan jartzen dugun, eta bertan lan prekarioetan diharduten emakumeen ongizatean pausotxo bat emateko gai garen.

 

3.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Azken asteotan udal gobernuak aurkeztutako kreditu aldaketaren harira, gure taldeak hainbat hausnarketa eta proposamen egin ditu, bai batzordean eta baita plenoari begira ere.

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu ez dugula arazorik udal aurrekontuan partida berriak txertatzeko. Hala ere, aurreko plenoan adierazi genuen bezala, gaur egun oraindik gauzatu gabe dauden 50-60 partida inguru daude, eta horrek zalantzan jartzen du partida berriak gehitzen jarraitzearen zentzua, ondoren kudeatzeko gaitasunik ez badago.

Testuinguru horretan, udalaren betebehar nagusietako bati heldu nahi izan diogu: adinekoentzako ostatu zerbitzua, “apartamentu tutelatuen kontua”. Ezaguna den bezala, egoitzako obrak egin ondoren zerbitzu hori eten egin zen, eta gure ustez lehentasunezkoa da berriro martxan jartzea. Aurreikuspenen arabera, dagoeneko hasita dagoen prozesuak, 2025eko urrirako bukatuta egon behar zuen, baina gaur gaurkoz, azken erabakia hartzeko, ez duzue eman beharreko aurrerapausorik ematen.

Gure ustez, fase hori lehenbailehen itxi behar da, egindako lana herritarrei aurkeztu, eta hurrengo pausura igaro: proiektua garatzera. Horretarako, 100.000 euroko partida proposatu dugu, behar bezala definitutako proiektu bat garatzeko. Garrantzitsuena ez da kopurua bera, baizik eta udaleko alderdi guztien konpromisoa proiektu hau aurrera ateratzeko, eta lehen bai lehen herritarrei hitza eta erabakigarritasuna ematea.

Bestetik, ezinbestekoa iruditzen zaigu lehentasunak adostea. Ez da nahikoa partida berriak sartzea; beharrezkoa da zein diren lehenetsi beharrekoak denon artean erabakitzea. Are gehiago kontuan hartuta agintaldi hasieran “elkarrizketaren agintaldia” izango zela iragarri zela, eta gaur egun horren arrastorik ez dugula ikusten. Azken kreditu aldaketa dekretuz egiteak ere ez du bide horretan laguntzen.

Izan ere, ulergaitza egiten zaigu aurreko urte amaieran kopuru txikiagoen inguruan eztabaidak luzatzea eta aurrekontuak atzeratzea, eta orain, ia milioi bat euroko erabakiak alkatetzatik bakarrik hartzea. Legeak ahalbidetuko du, baina politikoki zalantza handiak sortzen dizkigu.

Horren aurrean, gure jarrera argia izan da: udal gobernuak proposatutako partida asko egokiak iruditzen zaizkigu, eta gure proposamenetako bat (ostatu zerbitzuarena) txertatu izana positibotzat jotzen dugu. Hala ere, lehentasunak adosteko bigarren baldintza ez da onartu, eta horrek agerian uzten du elkarlanerako borondate falta.

Eta hemen dator gakoa: oposizioko beste alderdiaren jarrera. Benetan fiskalizatu nahi bada udal gobernua, ez da nahikoa erdibidean geratzea. Ezin da alde batetik diskurtso kritikoa egin, eta bestetik erabakitzeko momentuan pausu erabakigarria ez eman. Hori ez da arduraz jokatzea.

Argi esan nahi dugu: egoera honetan, udal gobernua baldintzatzeko aukera erreal bakarra oposizioak batera jokatzea da. Baina horretarako ausardia behar da, eta momentuz ez dugu hori ikusi. Ezin da beti seguru jokatu, arriskurik hartu gabe, eta aldi berean benetako eragina izan nahi.

Gu prest gaude behar diren erabakiak hartzeko, erosoak izan edo ez. Baina ez gaude beste batzuen zalantzak edo erabaki falta estaltzeko. Herritarrek argitasuna eta koherentzia merezi dute, ez kalkulu politikoa.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu udal honek  martxoan, 6 milioi euroko gerakina zuela erabilgarri, eta horrek aukera ematen duela politika publiko ausartak eta eraginkorrak garatzeko, baldin eta horretarako borondate politikoa badago.

Gure konpromisoa argia da: herritarren beharrak erdigunean jarriko dituen udal kudeaketa arduratsua eta partekatua defendatzen jarraitzea.

 

Bigarren hitzartzea

Argi hitz egingo dugu.

Guk mahai gainean jarri duguna oso sinplea da: benetan udal gobernua fiskalizatu nahi bada, bada bide bat. Ezetz bozkatzea. Ez kapritxoz, baizik eta minorian dagoen gobernu bati benetako muga politikoak jartzeko.

Gu prest gaude bide hori egiteko. Prest gaude erabaki zail bat hartzeko, jakinda proposatutako partida asko egokiak direla eta gure ekarpenak ere jaso direla. Baina fiskalizazioa serioa bada, momentu honetan egiten da.

Prest bazaudete ezetz bozkatzeko, gu ere bidea elkarrekin egiteko prest egongo gara. Horrek bai markatuko luke norabide bat, eta horrek bai behartuko luke udal gobernua benetan negoziatzera eta lehentasunak partekatzera.

Baina ez baduzue pausu hori ematen, orduan argi geratuko da noraino iristen den zuen ardura. Ezin da diskurtsoan gogor agertu eta erabakitzeko unean atzera egin. Horrek ez du udal gobernua baldintzatzen, kontrakoa baizik: indartu egiten du.

Berriro huts egingo diguzue? Aurreko hileko plenoan proposamenen lehentasunak ezartzea beharrezkoa zela zenioten. Hilabete honetako batzordean berriz, bapatean dena ahaztu zaizuela dirudi. Udal gobernuak ez du onartzen lehentasunak denon artean adostea, beraz, orain arte bezala, zein proiektu lehenetsiko diren alkatetzatik erabakiko da. Hori gerta ez dadin, eta 2026ko aurrekontuetan hasita, orain egun gutxi arte, defendatu izan duguna defendatzen jarraitzeko, hau da, erabakiak udal gobernuak gutxiengotik hartu ez ditzan presionatzeko eguna iritsi da, eta era bakarra ezetz bozkatzea da, baina oposizioko gehiengotik, bestela alfer, alfer, alferrik ari gara. Presio, fiskalizazio hori ez badugu batera egiten, agintaldi osoan bezala, gehiengoa izango balute bezala gobernatzen jarraituko dute, eta ez diogu inongo etekinik aterako oposizioko gehiengoari. Zuen esku dago.

Guk ez dugu inor estaltzeko asmorik. Guk ez dugu antzezpenik egin nahi. Edo benetako oposizioa egiten da, edo aurreko urteko dinamikarekin jarraitzen da.

Horregatik, gure jarrera koherentea izango da: testuinguru osoa kontuan hartuta bozkatuko dugu, baina gaur hemen aukera bazegoela argi geratuko da, eta kontra benetan eta batera egiten ez badiogu,  batzuek ez duzuela aprobetxatu nahi izan.

 

4.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Gure taldeak ez zuen eragozpenik partida denak kreditu aldaketa berean bozkatzeko, baina eh bilduk horrela eskatuta, aparte bozkatzea onartu dugu.

Aurreko puntuan esan dugu: guretzat udal gobernuak minoriatik nahi bezala ez gobernatzea litzateke helbururik garrantzitsuena.

Gure taldean dago puntu honi aurka bozkatzeak minik gehien emango liokeen kidea, parrokiarekin lotura gehiena duena, baina herri osorako ikuspegi orokorra kontutan hartuz, ezetz bozkatzeko prest agertu da.

Dena den, lehentasunak denon artean markatzeko, benetako presioa egiteko babesa jaso ez dugula ikusirik, aurreko partidekin bezala, testuinguru orokorra kontutan harturik, honi ere baiezkoa emango diogu, parrokiaren mantenuan udaletik laguntza ematea ondo iruditzen zaigulako, ondare aldetik, behar bada herriko eraikinik garrantzitsuena delako, gaur egungo eskuin muturreko politiken aurka, hau da, behar gehien dutenen alde lan handia egiten ari delako bertako talde eragilea, oraindik herritar asko biltzen delako bertan, ez eraikina bakarrik, barruan dauden altxorrak zaintzeko, organoa esateko, obra hau egitea beharrezkoa delako, eta udalak berak ere bertan ekitaldiak antolatzen dituelako. Arrazoi gutxiagorekin emango genituen beste laguntza batzuk.

 

5.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Kreditu aldaketa honi ere, aurrekoen ildo beretik baietza emango diogu, oposiziotik lehentasunik markatzerik izango ez dugula ikusirik, azken urteetan bezala, herriko plaza aretoaren atontzeko partida erabiltzeko eskaria eginez berriro.

 

6.- 2026-2028 dirulaguntzen plan estrategikoaren lehenengo aldaketaren onespena.

Batzordean esan genuen laguntzari baietza ematen bazitzaion hemen ere gure baietza izango zenutela.

 

7.- Behin betiko onespenen berri ematea.

8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

9.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide