Azken egunotan irudi esanguratsuak ikusten ari gara Bilboko kontsulatuan: gure artean bizi diren herritarren ilarak, egunero lan egiten duten pertsonenak, baina askotan administrazioaren aurrean egoera zailean daudenak. Etorkizunari begira, egoista hutsak izanda ere, gure gizartearentzat beharrezkoak diren pertsonak dira, nahiz eta askotan baldintza prekarioetan, "beltzean", bizitzera behartuta egon.
Egoera horrek agerian uzten du izapide administratiboak egiteko laguntza egituratuaren beharra. Gai horren inguruko hausnarketa sakona egin zuen Berria egunkariko kolaboratzaile batek ere, eta egoeraren dimentsioa ulertzeko interesgarria da haren artikulua. Honako lotura honetan irakur daiteke.
Horregatik, 2026ko aurrekontuetan, ahalegin berezia eginez, honako partida hau txertatzea lortu genuen:
- Etorri berrientzako izapideak egiteko laguntza teknikoa: 15.000 euro.
Orain galdera nagusia da: noiz jarriko dute martxan zerbitzu hori Azkoitian? Premia benetakoa dela ikusteko, nahikoa da gaur egun ikusten diren ilarak begiratzea. Egoerak erantzun azkar eta eraginkorra eskatzen du.