Azkoitiko Gaztetxea

Gaztetxearen auzia: erantzukizuna, koherentzia eta egia osoa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2026ko martxoaren 31

Azken egunotan, udal gobernutik eta EAJtik egindako adierazpenek Gaztetxearen auziaren inguruko kontakizun interesatua zabaldu dute. Horren aurrean, beharrezkoa iruditzen zaigu gertatutakoa bere osotasunean azaltzea eta gure jarrera argi uztea.

Lehenik eta behin, ez zaigu iruditzen gure jarrera “erosoa” edo “arduragabea” denik. Guk ez diogu okupazio honi bizkarra eman; kontrakoa egin dugu: egoera honetara iritsi izana denon ardura dela onartu dugu, geurea barne, eta hortik abiatuta irtenbide arduratsu eta bidezko bat proposatu dugu.

EAJk eta Azkoitia Lantzeneko presidenteak planteatzen duten bidea —epaitegietara jotzea eta desalojoa indarrez gauzatzea— ez da aukera bakarra, ezta onena ere. Guk argi esan dugu: elkarrizketa da bidea. Hori da beste elkarteekin erabiltzen den irizpidea, eta hori bera eskatu dugu kasu honetan ere.

Are gehiago, ezin da ulertu zergatik aplikatu nahi den neurri zorrotzena kasu honetan, antzeko egoeran dauden beste eraikin eta lurren aurrean ez denean berdin jokatzen. Izan ere, eremu berean badira baimenik gabe okupatutako eta eraikitako espazioak, eta udalarenak (Azkoitia Lantzen ere %100ean udalarena da) diren beste eraikin batzuk ere egoera irregularrean daude. Hori da benetako arazoa: neurri bikoitzak.

EAJk legea eta elkarbizitza aipatzen ditu etengabe, baina legea ezin da interesen arabera aplikatu. Legea denentzat da, edo ez da. Eta herritar guztiak berdin tratatzen ez direnean, hori da benetako arduragabekeria.

Bestalde, gaztetxearen inguruan zabaldu diren beste ideia batzuei ere erantzun nahi diegu. Esan da espazio hau ez dela gazte guztientzat, edo proiektu politiko jakin bati lotuta dagoela. Baina eztabaida ez da hori. Eztabaida da ea herri honek gazteentzako espazio bat behar duen ala ez, eta ea instituzioek urteetan luzatutako eskaera horri erantzun nahi dioten ala ez.

Guk argi daukagu: gaztetxe baten beharra ez da gaur sortu. Urteetako eskaera da, eta instituzioetatik ez diogu erantzun. Egoera honetara iritsi bagara, hori da arrazoi nagusia.

Azkenik, erantzukizunari dagokionez, guk gurea hartu dugu: desalojoaren aurka bozkatu dugu, baina aldi berean egoerak sor ditzakeen arriskuez jabetuta, antzeko egoeran dauden eraikin guztien egoera aztertzea proposatu dugu. Hori da benetan arduraz jokatzea.

Beraz, argi esateko: ez gaude legez kanpoko egoeren alde, baina are gutxiago gaude neurri bikoitzen eta inposizioaren alde. Herri honek konponbideak behar ditu, eta konponbideak elkarrizketatik eta koherentziatik etorriko dira, ez presiotik eta epaitegietatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide