Azkoitia Baik 2026ko udal aurrekontuak onartzeko udalbatzarrean esandakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2026ko urtarrilaren 29a

Azkoitia Baiko hautetsiak.

Atzo udalbatzarrean izan genuen 2026ko aurrekontuei buruzko eztabaida ez da izan soilik zenbaki kontua. Gure ustez, Azkoitia gobernatzeko eredua egon da mahai gainean; alegia, zein joko-araurekin gobernatzen den eta horrek herritarrengan zer ondorio dituen.

Oposizioko bi taldek batera jokatu dugu, aurreko urteetan adostutako konpromisoak behin eta berriz bete ez direlako, eta datuek erakusten dutelako, hainbat proiektu oraindik abiatu gabe daudela. Gehiengoa izan arren, negoziatzen jarraitu dugu helburu bakar batekin: herriarentzat aurrekontu hobeak lortzea, taktika politikoen gainetik.

Alkateak legeak ezartzen duen epea ez betetzeak aurrekontuen luzapena ekarri du, eta horrek ondorio larriak ditu: proiektuen eta diru laguntzen atzerapena, herritarrak zuzenean kaltetuz. Egoera horren aurrean, eta herriari kalterik ez eragiteko, arduraz jokatu dugu beste behin, 2026ko aurrekontuak onartzea erabakiz, gure ekarpen guztiak txertatu direlako.

Argi dugu: aurrekontuak tresna demokratikoak dira, eta legea eta adostutakoa betetzen ez direnean, demokrazia da galtzen duena. Gure konpromisoa argia da: legea betetzea, gardentasunez jokatzea eta herritarren ongizatea interes politikoen gainetik jartzea.

Hona hemen atzoko udalbatzarraren gai ordena:

1. Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

2. 2026 ekitaldirako Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.

Esandako guztia laburbiltzeko, eta prozesu guztia argi azaltzeko, sei gako zehatzetan azalduko dugu gertatutakoa: 

  1. Oposizioko bi taldek bat egitea. Arrazoia oso sinplea da: aurreko urteetan adostutako aurrekontuak behin eta berriz ez dira bete.
  2. Gehiengoak aurrekontu hobeak izan arren, negoziatzen jarraitu dugu. Guk helburu zehatz bat geneukan: herriarentzat aurrekontu hobeak lortzea, ez taktika politikoa.
  3. Alkateak, jakinaren gainean, legea ez betetzea. Legea betetzea besterik ez genion eskatzen alkateari. Legea bete balu, ez litzateke atzerapen hau izango; plenoa deitzeko derrigortasuna du alkateak. Pleno horretan aurrekontuak onartuko ziren, gehiengo bat zegoelako, baina, legea ez betetzea erabaki zuen alkateak, eta ondoren aurrekontuak blokeatzea, demokrazia alde batera utziz eta oposizioari bere lana egitea oztopatuz.
  4. Aurrekontuen luzapena. Legea bete ez izanak aurrekontuen luzapena dakar, eta horrek proiektu berrien eta lehendik zeudenen atzerapena; baita izendatutako laguntzen atzerapena ere.
  5. Herritarra kaltetu. Herriko alkate batek legea ez betetzea oso larria da, baina interes politikoengatik herritarra kaltetzea, are larriagoa.
  6. Puntu honetara iritsi ondoren, 2026ko aurrekontuak onartzea erabaki dugu, guk eskatutako partida guztiak onartuko direlako, baita guk udal gobernuak jarri dizkigun beste baldintza batzuk ere, eta beti bezala, batik bat, desadostasun politikoen gainetik, herritarren interesa jarri dugulako.

Lehenik eta behin garbi utzi nahi dugu, teknikoen lana ez dugula inoiz zalantzatan jarri, eta eskerrak eman nahi dizkiegu sortu zaizkigun kezken eta zalantzen gainean laguntzeagatik. Emendakinari buruz emango dugu lehen azalpena, aurrekontuak bozkatu aurretik hau bozkatuko dugulako: ez da guk sinatu nahi genuen emendakina, baina aurrerago ere azalduko dugun bezala, herritarra ez kaltetzeko, herritarrarekiko arduraz jokatzeko, hartu beharreko erabakia da.

Jarriko diren bi partidak, oposiziotik eskatutako azken biak dira, eta nola ez, jartzearekin ados gaude, honela guk eskatutako partida denak onartuko dira. Udal eraikinak zaintzeko eta mantentzeko partidatik kentzeari berriz, ez genion zentzurik ikusten. Partida horretan, 2025ean, aurten jarri nahi zenutena baino diru gehiago gastatu delako, eta ondorioz, hortik kentzeak ez zuelako ez hankarik eta ez bururik.

Gobernantza eta Komunitate saila sortzeko kanpo teknikari bat kontratatzea onartuko denez, eta herriko zein kale asfaltatzea denon arteko erabakiak izan beharko lukeenez, partida eta konpromiso horiek moldatzea zen gure planteamendua. Zein kale asfaltatu behar ziren erabaki ondoren, gerakinetik jarriko genuen horretarako behar adina diru. Baina, esanda bezala, gure partida denak onartu izanagatik, eta aurrekontuak gehiago luzatu izanak herritarra kaltetzea ekarriko lukeelako, emendakin hau onartzea erabaki dugu.

Emendakina txertatuz aurrekontuaren onarpenari buruz:

Gaurko plenoan azaldu nahi duguna ez da soilik aurrekontu batzuei baietz edo ezetz esatea. Nahiz eta horrek ere garrantzia handia duen, azalduko dugu udal hau nola gobernatzen den, zein joko-arauekin, eta horrek herritarrengan zer ondorio dituen.

Lehenik eta behin, azaldu nahi dugu aurrekontuen auzi honetan, zergatik egin dugun oposizioko bi taldek bat. Arrazoia oso sinplea da: aurreko urteetan adostutako aurrekontuak behin eta berriz ez dira bete. Ez gara ari iritzi kontuez, datuez baizik. Orain dela bi urte hartutako hainbat konpromiso oraindik gauzatu gabe daude: atletismo pista, ibaiko barandetako saretxoak, gazteen buru osasunaren lanketa, Coworking gunea, skate parkea, herritarrek udaletxearekin harremanak izateko aplikazioa, Ipintzako komunak edo Elkarguneko areto nagusiaren egokitzapena, besteak beste. Ia denak hasi gabe daude oraindik.

Horregatik esan genuen aurreko agintaldian ez genuela aurrekonturik negoziatuko, ondoren beteko ez baziren. Iaz ere aurten izan dugun jarrera bera izan genuen guk, baina azken unean EH Bildurekin lortu zenuten adostasuna.

Aurten ere egin dizkiegu udal gobernuaren aurrekontuei ekarpenak, eta aurrekontu hobeak eraiki ditugu: etxebizitza, partaidetza, adinekoentzako apartamentu tutelatuak, energia berriztagarriak, espaloien konponketak, babes sarea edo herritarrek parte-hartze prozesuetan erabakitakoa gauzatzea lehenetsiz.

Nahiz eta oposizioak gehiengoa izan, negoziatzen jarraitu dugu, udal gobernu honek inoiz egin ez duen bezala. Iazkoa ikusi besterik ez dago: EH Bildurekin gehiengoa lortu zenuten momentu berean bukatu ziren negoziaketak. PSE-EEri ere proposamenak egin genizkion, nahiz eta bere botoek gehiengoa aldatu ez, baina ez dugu erantzunik jaso. Guk, ordea, argi genuen: herriarentzat aurrekontu hobeak lortzea zen helburua, ez taktika politikoa.

Eta hemen iristen gara puntu larrienera. Legeak dio abenduaren 31 baino lehen aurrekontuak onartu behar direla. Beraz, ardura nagusia, plenoa deitzeko betebeharra duenak du, kasu honetan alkateak. Oposizioko gehiengoa aurrekontuak onartzeko prest zegoen; aurrekontuak markatutako datan onartzeko ez zegoen inongo eragozpenik. Hala ere, alkateak ez zuen legea bete jakinaren gainean. Behin eta berriz gogorarazi genion, baita idatziz ere, baina ez zuen pleno deialdirik egin. Horrek ondorio oso larriak ditu: demokrazia albo batera uztea eta boterea alderdi baten mesederako erabiltzea, oposizioari bere lana egitea oztopatuz. Erabaki horren ondorioz, 2025eko aurrekontuak luzatuko ziren, eta horrek proiektu berrien eta lehendik zeuden batzuen atzerapena ekarriko zuen, baita izendatutako diru-laguntzena ere. Hau da, legea ez betetzeak herritarrak kaltetzen ditu, eta hori oso larria da.

Hori guztia jakinda, eta herriari kalterik ez egiteko, arduraz jokatu dugu beste behin. 2026ko aurrekontuak onartzea erabaki dugu, guk eskatutako partida guztiak onartuko direlako, baita guk udal gobernuak jarri dizkigun beste baldintza batzuk ere. Beti bezala, desadostasun politikoen gainetik, herritarren interesa jarri dugu.

Baina ezin ditugu aipatu gabe utzi beste bi gai kezkagarri. Batetik, Elkargunearen kudeaketa: urteak daramatza atzerapenekin, azpiegiturak zaharkituta daude, eta kexak jasotzen ari gara. Bestetik, Azkoitia Lantzenen gaia. Oinartxoko lixibatuen arazoak urtero 100.000 euro inguruko kostua du oraindik, eta Txalonerrekako urbanizazioan berriro ere herritarren diru kopuru handia enpresa pribatuen mesederako erabiltzen ari zarete. Gainera, 2025etik aurrera sozietate anonimo horrek arau publikoak bete behar dituenez, udaleko aurrekontuak baldintzatu ditzake. Horrek, Azkoitia Lantzenen kargua hartzera bultzatu gaitu; laster izango duzue erabaki horren informazio gehiago. Nolanahi ere, aurreratzen dizuegu herritarrei gardentasunez azalpenak emateko azterketa sakon bat eskatuko dugula, etorkizunean entitate hau ixtea ere mahai gainean jarriz.

Amaitzeko, esan abstenitu egingo garela, baina ideia batekin gelditzea nahi genuke: guk ez dugu aurrekonturik nahi edozein modutan. Aurrekontuak tresna demokratikoak dira, herri baten lehentasunak adierazten dituztenak. Eta joko-arauak aldatzen direnean, demokrazia da galtzen duena. Guk argi daukagu: legea bete, adostutakoa bete eta herritarren ongizatea alderdien interesen gainetik jarri. Bi hitzetan esateko, arduraz jokatu.

Bigarren hitzartze batean esan genuen honako hau:

Zuk aipatu dituzun gai batzuk argi uzteko:

  • Prozesua argitu duzunean kontu bat hobeto argitu nahiko genuke. Urtarrilaren 14an jakin genuen zergatik ez zenuten onartu abenduaren 23an egin genuen proposamena. Tarte horretan, hiru aste luze horietan, iruditzen zaigu zerbait egin zitekeela aurrekontuak lehenbailehen onar zitezen. Gerora jakin genuen gure proposamena zergatik ez zenuten onartu. Ez gara aspertuko esaten: herritarra ez kaltetzeko, egun bat nahikoa izan genuen adostasun bat lortzeko, beraz luzapen horren ardura ez da gurea.
  • Gu gure posiziotik ez ginela jaisten ere esan duzu; izan ere, gehiengoa genuen, herriarentzat aurrekontu hobeak. Ez zitzaigun burutik pasatzen legea ez zenuenik beteko, ezta xantaia bezala erabiliko zenuenik ere. Esan dugu lehen ere, baina garbi gelditu ez bada: legea ez betetzeak oposizioko beste alderdiok ditugun eskubideak urratzea dakar, udaleko gehiengo baten aurrekontuak onartu ezina. Legea bete izan bazenu, inongo arazorik gabe onartuko genituen aurtengo aurrekontuak, onartu behar ziren datetan, hau da 2025eko abenduaren 31 baino lehen. Gehiengoa izanda ere negoziatzen jarraitu dugu, lehen esan dugun bezala, zuek sekula egin ez duzuena. Eta aurretik esan bezala, guk ere, gustatu ez arren, zuen eskari batzuk onartu ditugu.
  • Zergatik ez garen jartzen geu gobernatzen: zu gutxiengoan aurkeztu zinen kargura, EH Bildu eta gu bezala. Orain arte zuk nahi bezala joan da dena, baina gutxiengoan gobernatzeak honelako kontuak ekar ditzake. Guk ez dizugu esango zer egin behar duzun, baina jakingo duzu beste aukera batzuk ere badaudela.

3. 2026 ekitaldirako Azkoitiko Udaleko langileen Plantillaren eta Lanpostu Zerrendaren onespena.

Ea lanpostu zerrenda honetan, orain kanpo teknikari bat aurreikusi dugun bezala, etorkizun hurbilean partaidetza teknikari bat agertzen den. Momentuz gure baiezkoa emango diogu.

4. 2026-2028 Azkoitiko udaleko diru laguntzen Plan Estrategikoaren onespena.

Aurrekontua onartu ez bagenu, herriko hainbat elkartek jasotzen dituzten diru laguntza izendunak, momentuz behintzat, ezingo lituzkete jaso. Hau izan da guk aurrekontuak onartzeko arrazoi nagusienetako bat, eta, noski, plan honi baiezkoa emango diogu.

5.- Kultura eta Festak arloko diru laguntzen berariazko oinarrien aldaketa.

Gure zalantzak argitzeko nahiko tarte izan dugunez, baietz bozkatuko dugu.

6.- Behin betiko onespenen berri ematea.

7.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

8.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide