Oso erraza egiten zaigu zuen argitarapenei erantzutea.
Hona hemen estekan jasotako adierazpenak:
https://azkoitiaguka.eus/azkoitia/1768391770601-alkateak-jarrera-aldaketa-eskatu-dio-azkoitia-bairi-biharko-aurrekontuen-bilerarako
Alkateak honela dio: "Horren aurrean, Ana Azkoitia alkateak adierazi du Azkoitia Bai-k ‘jakin beharko’ lukeela abenduaren 31n aurrekontu berririk ez badago onartuta, aurrekoak automatikoki luzatzen direla: ‘Ez dago esan beharrik. Horrela da. Ez da erabaki kontua, eraginkortasun eta lege kontua baizik".
Hori jakina da. Baina alkateak ere badaki abenduaren 31 baino lehen aurrekontuak aurkezteko udalbatza deitu behar duela, eta hori ez egitea bere ardura dela. Eta, beraz, erabaki politikoa dela. Legea ezin da komeni denean bakarrik aipatu.
Are gehiago, legea bete izan balu —jakin badakigu salaketa bat ere jarri diotela— aurrekontuak dagoeneko onartuta egongo lirateke. Horregatik, berriro diogu: hartutako erabakia politikoa da, eta nahita legea urratuta egindakoa. Gutxiengoan gobernatzeak ez du justifikatzen legea ez betetzea; are gutxiago, gehiengo absolutuarekin gobernatzen zen garaiko jarrera inposatzailearekin jarraitzea, oposizioko gehiengoa —beraiek urte luzez “herritarren gehiengoa” deitu dutena— baztertuz.
Herriko alkate batek, bere onurarako eta jakinaren gainean, legea errespetatzen ez badu, zer egin dezake herritar batek? Zer pentsatuko du jendeak? Agintean zaudenean, dena balio al du? Kargu horretatik nahi dena egin daitekeela sinetsi behar al dugu?
Bestalde, alkateak honakoa ere adierazi du: "Era berean, gogoratu du aurrekontuak onartzeko epea ez dela ixten; hau da, onar daitezke behin urtea hasten denean ere. Hain zuzen, alkateak jakinarazi du biharko dutela egina aurrekontuak lantzeko bilera deialdia. Horren inguruan, zera esan du Azkoitiak: ‘Ez Azkoitia Bai eta ez EH Bildu, ez da etorri nigana Gabonen ondoren.’”
Epea ixten ez bada, bi aukera daude: ixten saiatzea edo luzatzea. Alkateak bigarren aukera hautatu duela dirudi. Guk abenduaren 23an egin genuen azken proposamenaren erantzuna gaur jaso dugu; gaur arte ez genekien zergatik ez zuten onartu. Orain arte jasotako erantzun bakarra hau zen: “Momentuz ez dago pleno deialdirik.” Beraz, abenduaren 23tik urtarrilaren 14ra bitartean, gure proposamenari erantzuteko denbora nahikoa izan duela uste dugu.
Bitartean, udaleko teknikariek, legearen aurkako erabaki politiko baten ondorioz, hiru aurrekontu prestatze lanari aurre egin behar izan diote: batzordera eramandako aurrekontuak (onartuak izan zirenak), ondoren luzapena prestatzea, eta ondoren 2026ko aurrekontu berriak lantzea. Hori guztia, alkateak legeak agintzen duen udalbatza deitu ez duelako.
Azkenik, presioa egiteko komunikabideak erabiltzea ere jarrera baldarra iruditzen zaigu. Gurekin bildu aurretik prentsan luzapena egingo dela iragartzea ez da ez jarrera konstruktiboa, ezta gardena ere, batez ere alkate berak idatzi berean “aurrekontuak onartzeko epea ez dela ixten” dioenean.
Bukatzeko, eta aurrera begira, abenduaren 23an eten zituzten negoziazioei berriro heltzeko lanean jarraituko dugu, nahiz eta lehen egunetik gehiengoak adostutako aurrekontuak izan genituen.