Urriko udalbatzarrean Azkoitia Bai herri plataformak esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025ko urr. 29a, 18:20

Urriko ohiko udalbatzarrean esandakoa eta bozkatutakoa idatziz bildu du Azkoitia Baik. Ea baserri bideak zaintzeko urteetan egiten ari garen ahaleginak, oraingo honetan bere fruituak ematen dituen.

1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

2. Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko 3 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Hirugarren aldia da baserri bideen inbentarioa egiteko dirua jartzen dela, eta nola ez, oraingoan ere gure baietza emango diogu. Ea oraingoa ez den gerakinera joaten. Urte eta erdi pasatxo ditugu agintaldia bukatu aurretik, inbentario hau egin, ordenantza onartu eta baserri bideak zaintzen hasteko.

Plenoan esandakoa argitzeko asmoz, urteetan esaten ari garena laburbilduz:

Gai horri bueltaka hasi ginenean, gure inguruko herri bateko tasak hartu genituen adibide bezala. Herri horretan fidantza bat eskatzen zen, baita tasa bat kobratu ere, hektareako 225 euroko fidantza eta 80 zentimo ateratzen zen metro kubiko egurreko.

Hiru urteko datuekin kalkulu batzuk egin ondoren, ia 110.000 euroko fidantza jasoko genuke, eta 141.000 euroko tasa. Gure helburua ez da inoiz izan diru gehiago jasotzea, herritarren dirua zentzuz erabiltzea baizik.

Urtea 

Mozketaren azalera 225 euro (hektarea)

Egurra 0,80 euro/metro kubikoko

2019

199,838

59.292,72

2020

123,69

73.530,57

2021

163,8098

43.353,62

 

109.651,01 euro

140.941,53 euro

 

Fidantza

Tasa

Azkoitiko Udaleko datuak.

Gaur egun, oraindik, ez dugu ezer kobratzen, eta horrela izaten ditugu herri bide asko zeharo txikituta. Egurra ateratzera etortzen diren enpresek bideak aurkitu bezala uzteko obligazioa dute, baina udaletik inork kontrolatzen ez dituenez, ondoren herritar denok ordaindu behar izaten ditugu egindako triskantzak.

Kalkulu horiek egin genituen urte horietan, udalak, herritarren dirutik, batez beste, 250.000 euro jartzen zituen urtean herri bide horiek konpontzeko. Konpondu ondoren, egun gutxi barru, eremu horretan beste norbaiti egurra ateratzea okurritzen bazitzaion, herritarrak jarritako diru dena galtzeko eta baserrietako bideak berriro urteetarako izorratzeko arriskua hor zegoelarik, eta dagoelarik, gaur egun ere.

Udal gobernuak pare bat aldiz esan digu konpromisoa hartzen duela guztia martxan jartzeko, baina dagoeneko zazpi urte pasatu dira kontu horrekin hasi ginela, eta ez dugu aurrerapausorik ematen.

Ondoko herrietan zer irtenbide ematen zioten aztertu genuen, eta herri askotan fidantza edo tasa bat kobratzen dute (Azpeitia, Elgoibar, Bergara, Zestoa, Deba, Zarautz… errazagoa litzateke non ez esatea) gure herrian ez dakigu zeren zain dauden. Garbi gelditu da azken bi agintaldietan udal gobernuaren lehentasuna ez dela izan behintzat.

Badakigu udal langileei lan karga handituko diela kontu honek, kontratazioren bat burutzea eskatuko lukeela, baina ekonomikoki konpentsatu daitekeela iruditzen zaigu, bai kobratuko diren tasekin, bai fidantza kobratzean bideak gehiago zainduko direlako. Konpontzen gastu gutxiago izango dugunez, baserri bideak denbora gehiagoan egoera hobean izango ditugu, eta hori da, guretzat behintzat, helburu nagusia: gure baserritarrek etxera joan-etorriak egiteko bide egokiak izatea, herritarren dirua zentzuz erabiliz, noski.

3. Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuaren 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

120.000 euro diru dezente da, baina Elkarguneko spa eta sauna guneetan itoginak badaude, konpondu egin beharko dira. Gure baietza emango diogu.

4. Iraurgi Lantzen, S.A. garapen agentzia berrantolatu eta Urola Erdiko beste herrietara zabaltzeari buruzko lan-mahaia sortzeko konpromisoa onartzea.

Lehen ere Zestoako Udala izan genuen Iraurgi Lantzeneko kide. Gaur egun ere, Zestoako enpresei eta beste herri txikietakoei ere ematen zaie laguntza, aholkularitza eta abar Iraurgi Lantzenetik. Ahal den heinean, elkarlan hori arautzea, eta posible balitz, indartzea dela ematen du lan-mahai honen eginkizunik garrantzitsuena. Gure aldetik eragozpenik ez dugu jarriko, eta konpromiso honi oniritzia emango diogu.

5.- Behin betiko onespenen berri ematea.

6.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

7.- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide