Etxebizitzaz, erroldaz eta Azkoitira iritsi berriak diren herritarrez hitzaldia eskainiko du etzi Hafsa Feneharak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2025ko urr. 18a, 09:00

Hafsa Fenehara. (Arnaitz Rubio Aprea-Guka)

Hafsa Fenehara abokatuak Elkarguneko Oteiza aretoan eskainiko du etzi hitzaldia, Azkoitia Bai herri plataformak antolatuta. Etxebizitza, errolda eta etorri berriak izeneko hitzaldia eskainiko ditu hark, eta izenburuan aipatzen diren gaiez hitz egingo du hark.

Azkoitia Bai herri plataformak duela hilabete batzuk jarri zuen martxan Xiximaxan egitasmoa, herritarrak entzuteko eta haiekin zenbait kontu partekatzeko nahiz hausnartzeko espazioa. Lehen saioa zaintzaren eta egoitzaren ingurukoa izan zen; bigarrena, zaborrari buruzkoa; eta hirugarrena, parte hartzeari buruzkoa. Ordea, hortik aurrera gai nagusia errolda izan da.

2023ko azarotik hona, udaletxeko teknikariekin eta idazkariarekin biltzen aritu gara, erroldaren inguruko arazoak lantzeko. Azkoitian bizi diren herritar kopuru batek erroldatzeko zailtasun handiak ditu, eta horrek ondorio larriak dakartza haientzat. Erroldarik gabe ez dago osasun arreta osoa, ez dago hezkuntzarako sarbide erraza, ez dago laguntzarik... Azkenean, errolda ez da tramite burokratiko soil bat: bizitza duin baterako atea da.

Arazoaren muinean, askotan, etxebizitza eza dago. Azkoitian etxe huts ugari daude, eta bitartean, azkoitiar ugarik beraien gurasoen etxeetatik beste etxebizitza batera joateko arazoak dituzte; familia eta pertsona askok ez dute bizilekurik, eta beraz, ezin dira erroldatu. Etxebiden izena emanda dauden herritarren kopurua, berriz, handia da, eta horrek agerian uzten du etxebizitzaren benetako beharra dagoela. Etxebizitza gabe, erroldarik ez, eta erroldarik gabe, oinarrizko eskubideetara sarbiderik ez.

Horregatik, garrantzitsua da konturatzea: errolda ez dela soilik "etorkinen arazoa", baizik eta herritar guztion erronka dela. Herri bezala ez baditugu etxebizitza eta errolda bideratzen, gure auzokideak bazter batean uzten ditugu. Gu guztion artean egin dezakegu justu kontrakoa: guztiontzako herri inklusibo eta duin bat eraiki.

Hain zuzen, horixe izango da Azkoitia Bai herri plataformak antolatu duen eta Hafsa Fenehara abokatuak etzi, astelehena, bideratuko duen hitzaldiaren muina. Feneharak Elkarguneko Oteiza aretoan eskainiko du Etxebizitza, errolda eta etorri berriak izeneko hitzaldia, 18:00etan hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide