Maiatzeko udalbatzarrean Azkoitia Baik esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai

Hileroko legez, hemen duzue Azkoitia Baik maiatzeko udal bilkuran esan eta bozkatutakoa idatziz

1- Aurreko bilkuretako akten onespenak, hala badagokio.

Ados.

2- 2025 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko lanpostuen zerrendaren lehen aldaketaren hasierako onespena.

Hasteko esan behar dugu, hemen aurkeztutako lanpostu berriarekin eta besteetan egingo diren aldaketekin ados gaudela. Halere, guk eskatutako partaidetza teknikariaren kontuarekin aurrerapausorik ikusten ez dugunez, abstenitu egingo gara.

Azken bi urteetan, parte hartzearen dedikazioa hartu dugunetik, urratsak egin ditugula esango genuke. Pasa den urtean, herritarrok erabaki genuen 100.000 euro zertan erabili. Aurten, prozesu berri bat hasi dugu udaleko talde politiko guztien oniritziarekin, eta hor ere beste aurrerapauso bat eman dugulakoan gaude.

Azken bi urte hauetan, parte hartzearen bueltan egiten diren tailer askotan izan gara, eta beste herriekin izan ditugun harremanetan garbi gelditu zaigu partaidetza teknikaria dagoen herrietan, hala nola Tolosan, Oñatin, edota Errenterian, herritarren parte hartzeak beste garrantzi bat hartzen duela. Herritarrek udal politikan erabakitzea nahi badugu, etengabeko lana egiten jarraitu behar dugu, alderdien koloreak alde batera utziz, urtez urte pauso berriak emanaz. Horregatik ikusten dugu ezinbestekoa teknikari horren figura udalean.

Laburbilduta, azken urtean udaleko lanpostuen zerrendan hutsune hori ikusten dugula esaten ari garenez, ezin dugu adostasun osoa izan, eta horregatik, abstentziora joko dugu. 

3- 2026 ekitaldian lan ondorioetarako, ordaindu egingo diren eta berreskuratu beharko ez diren, Azkoitiko udalerriko bi jaiegunak zehaztea.

San Inazio eta San Andres egunak herriko jaiegun bezala izendatzeari ez diogu oztoporik ikusten, eta baietz bozkatuko dugu. 

4- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

5- Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide