Azkoitia Baik gaitzespenik irmoena ozen adierazi nahi du indarkeria matxistaren aurrean. Era berean, mozioen nahiz adierazpenen aurrean dugun iritzia berretsi nahi du:
- Guretzat errazena litzateke EUDELetik bidaltzen dituzten idatziak onartzea, baina horrela ez ginateke gu (Azkoitia Bai) izango. Urteak daramatzagu mozioak eta adierazpenak antzuak direla esaten, herritarra nazkatuta dugula, eta politikarion kontzientziak garbitzeko besterik ez dutela balio. Urte batean diagnostikoa egiteko konpromisoa hartu, eta hurrengo urtean diagnostikoa egin gabe, diagnostikoa eta ekintza plana egingo direla irakurtzen ez gaituzue aurkituko (gure udalean gertatua).
- Orain hilabete gutxi, udaleko talde guztiok eraso matxisten aurkako elkarretaratzeak Azkoitira edota bailarara mugatzea adostu dugu. Bestela, errepikakorrak izateagatik, bere zentzua galdu eta kontrako efektua sortu zezaketelako (pentsa zer gerta daitekeen, urteak joan eta urteak etorri, mozio eta adierazpen berdintsuak irakurtzean). Ekintzetan batu behar genituzke indarrak, eta erabakiak aldarrikatzerakoan, ezinbestekoa iruditzen zaigu horiek aurretik landuak izatea.
Beraz, herri bezala, egun hauetan herrian antolatuko diren elkarretaratzeetan eta ekintzetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, lakra horren aurrean herriak berak hartu dezan protagonismoa.