1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2. 2022 ekitaldiko Azkoitiko udaleko lanpostu zerrendaren 2. aldaketaren hasierako onespena.
Egonkortze prozesuaren ondorioa dela esan dezakegu. Gai korapilatsu honetan, alkatetzako administrariaren postua azken urteetan partida izan duen lan postu bat izanik, RPTan sartu beharra dagoela dirudi. Gaur egun lan hori betetzen duen langileak ere ez dio inongo oztoporik erantsi, beraz, aurrez behintzat arazorik ikusten ez diogunez, aldaketa honen alde bozkatuko dugu.
3. 2023rako Taxi tarifen onespena.
Beste herrietako ordezkariekin egingo zen bileran, gehiegi igotzen zela aipatzea eskatu genuen. Horrela egin zela adierazi diguzue, eta ez guk bakarrik, baita beste herri batzuek ere. Pasa den urtean, KPIaren behetik egin zen igoera, eta orduan, berriz, gutxitxo igotzen zela iruditu zitzaigun. Dena den, herrietako ordezkariak proposamenarekin ados agertu bazarete, eta jakinda igoera honen onuradunen edo kaltetuen parte garrantzitsu bat taxilariak beraiek izango direla, aurkeztu eta argudiatu diguten igoerari baietza emango diogu.
4.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 6 zenbakidun espedientearen onespena.
Brigadako partida, beste partida batzuekin, poltsa berean doan partida bat da, eta urtea bukatzeko nahikoa diru ez ote dagoen esan digute. Urtean zehar egiten diren lanen arabera, kopuru horrek gorabeherak izan ditzake.
Hilerrian egiten diren gorputz erreketek gasa behar dutenez, eta azken bolada honetan bere prezioak nabarmen gora egin duela jakinda —nahiz eta azken egunetan beherakada izan—, badaezpada urte bukaeran izan ditzakegun arazoak ekiditeko aurreikusi den kantitatea jarri beharko dugu.
Datorren neguan, ikastola berotzen ere aurrekontuetan jarri zen partidaren hirukoitza gastatzea ez da baztertzen. Beste eraikin batzuetan ere, haurreskolan esaterako, berdina gertatu daiteke.
Floreagako igogailuen 4. fasearen aurrekontuak igoera bat jasango duela ere ezin da ukatu.
Beraz, denon artean adostutako proiektuen aurrekontuek gora egingo dutenez, eta energiaren burujabetzan aurrerapausorik ikusten ez denez, eraikuntza eta energia enpresek eragingo dizkiguten kostuak ordaintzen jarraitzea besterik ez zaigu gelditzen. Gaur egungo Azkoitiko gazteek esango luketen bezala, hau holaxe den/k!
5.- Azaroko ohiko udalbatzaren data aldaketa onestea.
Datorren hileko azken asteazkena San Andres eguna denez, egun horretan aurreikusten zen osoko bilkura abenduaren 1era aldatu da.
6.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
7.- Galde-erreguak