1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
Parke estalia lehengoratzeko erabiliko den kopurua da esanguratsuena, eta kopuru horren ia guztia, aseguru etxeek ordainduko digutela kontutan hartuta, baietz bozkatuko dugu.
3.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Zubiaurre-Elkargune Institutuko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
Gastu guztiak bertako teknikariak ikusitako beharrei aurre egiteko ipinitakoak dira, eta horiek erabiltzaileen erosotasunera bideratutako gastu arruntak direla jakinda, gure baietza emango diogu.
4.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko San Jose Egoitzako 1 zenbakidun espedientearen onespena.
Badakizue, gure ustez, San Jose egoitzan momentuz eman beharreko pausoek bertako egoiliarren eta langileen ongizatera bideratuak izan beharko luketela.
2015ean, eskumena Aldundiarena zela garbi utzi ondoren eta kudeaketa Kabiaren bidez kudeatuko zutela jakinda, bai ala bai eman beharreko pauso hau emateko hitzarmena sinatu genuen. Zazpi urteren ondoren, bertan bizi direnen eta bertako langileen bizi kalitateak okerrera egin dute, eraikinak okerrera egin du, langileek ez dute egoiliarra artatzeko astirik, kudeaketa kexak ugaritzen doaz eta horren adibide asko eta asko azaldu ditugu azken urteetan.
Gauzak horrela dauden bitartean, eta bertako langileek eta egoiliarrek kudeaketa berriro herrira bueltatzeko desioa eta beharra erakutsi diguten garai hauetan, gure taldeak garbi azaldu dio udalari, ez dela lagapen hau egiteko momentu egokia. Orain ematen ari garen pauso hauek ez dute guretzat inongo premiarik. Ongizateko gaiak dira garrantzitsuenak eta gainontzekoak ondoren tratatu beharrekoak; beraz, lehendabizi arazo pertsonalak eta gero ondasun eta diru kontuak.
Dena den, puntu honetan diru kontuak aipatzen direnez, horren aurrean dugun iritzia garbi utzi nahi dizuegu.
Udaletxeko kontuhartzailetzatik egindako zenbakien arabera, San Jose egoitzako eraikinaren lagapenagatik, 39.727,60 euro kobratu behar lituzke Azkoitiko herriak, hitzarmena egin zen garai haietan egin genituen inbertsioak urteetan amortizatu behar izaten direlako. Aldundiak, ordea, ez ditu kontuta hartu inbertsio horiek, eta 67.996,76 euro ordaindu beharko ditugula agindu digute pasa den martxoaren 24an, hau da, pasa den asteko ostegunean. Beraz, ez dio axola gure herriak egoitzako ongizatera bideratutako inbertsioak egin dituen edo ez, ez dio axola egoitza erortzeko zorian utzi izan bagenu, ezta bertako egoiliarren bizi kalitatea bermatzera garamatzan inbertsioak egingo ez bagenitu ere. Aldundiak ez liguke inongo eragozpenik jarriko eta diru kopuru berdina ordaintzea eskatuko liguke. Eskerrak, Aldundiaren esku utzi aurretik, udaletxeak arduraz jokatu eta gastatu behar zena gastatu zuen garai haietan.
Horrela ikusita, nahikoa garbi dago Aldundiak dioenak ez duela inongo zentzurik, eta garbi uzten du dirua ongizatearen gainetik duela. Baina, udaleko teknikariak arrazoi osoa duela ez dugu inongo zalantzarik, eta ez dago abokatua izan beharrik Foru Aginduan idatzita dagoena ulertzeko, hitzarmen horren 4. Artikuluaren 'C' atalean argi eta garbi esaten baitu inbertsio-amortizazioak kontutan hartu behar direla:
4.artikulua. Zerbitzuei egotzi dakizkiekeen zuzeneko gastuak.
c) Dagokion ekitaldian eta aurrekoetan egindako inbertsioa amortizatzeagatik sortutako gastuak, ibilgetuen balio-bizitzaren arabera kalkulatuak, kontabilitate alorreko araudiari jarraituz toki entitateak aplikatzen dituen irizpideak kontuan hartuta.
Dena den, herriko Udal Gobernuak Aldundiarekin harreman txarrik ez duela nahi eta eskatutako diru kopurua ordainduko duela dio. Gure udalean egin diren kontuen eta Aldundian egin direnen arteko diferentzia 107.724,36 eurokoa da. Garbi utzi dugu, eta gu ez gaude ordainketa hori egitearen alde. Beraz, ezetz bozkatuko dugu. Udal Gobernuak Aldundiarekin harreman txarrik nahi ez duen moduan, herritarrarekin ere erantzukizuna du. Hori horrela, udaleko komunikazio zerbitzua aprobetxatuz, garbi dugu herriari gertatutakoaren informazioa zabaltzea ezinbestekoa izan beharko lukeela, eta horrela adierazi digute hainbat herritarrek.
Bigarren hitz-hartzea:
Amortizazioetan dugu ia diferentzia bakarra, baina 130.000 euro dira, beraz kopuru handia.
Hitzarmena bete behar dugula diozue behin eta berriz. Ea ba hitzarmenak dioena betetzen dugun, eta garbi jartzen duen bezala, tokatzen zaiguna kobratzen dugun.
Aldundiak berak bidalitako Foru Agindua errespetatzeko intentziorik ez badu, esan dezala lehen egunetik zenbat kobratzea nahi duen, eta horrela gure teknikariak beste lan batzuk egiteko beta hartuko luke, batik bat, udaleko beste alderdi guztiak –nahiz eta ados ez egon– agindutakoa onartzearen alde agertzen badira.
Udalean nagoen zazpi urteetan ez zait orain arte horrelakorik gertatu: udalean zenbait urtetako azterketa egin ondoren, diru bat kobratzea tokatzen zaigula erabaki, beste aldeak kobratu ez, eta gainera, ordaindu egin beharko dugula esanda, udala bera izan ordaintzeko presa duena?
Eta bukatzeko, udaleko txosten tekniko baten aurkako erabakia hartzera goaz. Eman den arrazoi bakarra, Aldundiarekin harreman txarrik ez dugula nahi esatea izan da. Nahikoa al da horrekin? Norbait, legea urratzen ari garela esanez badatorkigu, hori al da eman behar diogun argudio bakarra?
Orain dela hilabete batzuk, zeuk esan zenuen, Javier, laster izango genituela berri onak. Zuek esaten dituzuen fruitu horiek eman zain gaude.
5.- 2022ko ordenantza fiskalen aldaketaren hasierako onespena, udal jabari publikoa okupatzeagatiko tasa arautzen duena, laginketak edo zangak irekitzeagatiko tasa.
Hurrengo urteetan izan ditzakegun zanga luzeenak, beharbada, Oletako parke eolikoan tokatuko zaizkigu. Halere, gaur egun ditugun datuen arabera, gauza gutxi ziurtatu dezakegu. Alde batetik, parke eoliko horren behin betiko proiektua egin gabe dago, eta oraindik sei bat hilabete beharko dira Azkoitiko lurretan izango duen eragina argitzeko. Bestetik, herriko landa eremuko mugek gaur egun fidagarritasun gutxi dutela esan berri digute udal teknikariek, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu, parke eolikoko obrak hasten direnerako, bertako lurren mugak argi izatea. Ordenantza hau aldatu aurretik erabakita egon behar lukete horiek, lur horiek pribatuak edo herri lurrak diren jakin ahal izateko.
Beraz, Oleta gainean egingo diren zanga eta pistek herri lurretan izango duten eragina argitu arte, ez dugu uste ordenantza hau aldatzeko pausorik eman behar genukeenik. Landa bideen tasak arautzeko eskatu genizuenean eman zeniguten erantzun berdina emango dizuegu: lehendabizi inbentarioa bukatu, eta ondoren erabaki beharko dira inbentario horri lotuta dauden gaiak, bai landa bideen tasak eta bai landa lurretako zanga nahiz pistak ere.
6.- 2021eko Udal Inbentarioaren aldaketaren onespena, Azkoitiko 13700 jabetza erregistroko finka zenbakia duen San Jose Egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioaren ondorioz.
San Jose egoitza Aldundiari uzteko eman behar den beste pausu bat da hau ere. Kudeaketa Aldundiaren esku gelditu zenetik, bai gure taldearen ustez eta bai bertako egoiliarren, senideen eta langileen iritziz egoitzako bizi kalitateak behera egin du, eta beraz, ezetz bozkatzen jarraituko dugu.
7.- Azkoitiko udalerriko bake-epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko jardunbideari hasiera ematea.
Aspaldian pertsona bera dago ardura horrekin, eta ez jarraitzeko motiborik ikusten ez diogunez, baietz bozkatuko dugu.
8.- 2022ko Udal langileen ordainsarien igoeraren onespena.
Egia da %2a dela igo genezakeen kopururik handiena, baina KPIak azken urtean eman duen datuaren arabera, hasiera batean behintzat, gutxitxo zela iruditu zitzaigun. Dena den, udaletik dugun ahalmen bakarra kopuru horren barruan dagoen zerbait erabakitzea denez, eta esan bezala gehieneze ere %2a igo daitekeela dela kontutan hartuz, baietz bozkatuko dugu.
9.- EAJ/PNV, EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeek aurkeztutako mozioa, 5G teknologiaren inguruan.
Gure taldeak, mozio eta adierazpenen aurrean beti egin izan du aldarrikapen berdina, eta %99an ezetz bozkatzen dugu. Pleno batean idatzi bat irakurri eta aurretik beste ezer landu gabeko mozioak eta adierazpenak onartzeak ez du gure ustez herritarrengan inongo eraginik.
Baina mozio hau ondo landu dela iruditzen zaigu.
Hasteko, mozioa aurkeztu zuen taldeak herri osora zabaldutako hitzaldi bat antolatu zuen Elkargunean. Ondoren, parte hartu nahi izan duten udal talde guztiekin hainbat bilera egin ditugu, eta guztiok izan dugu aukera iritzia emateko eta mozio bat adosteko. Hauxe da, hain zuzen, guk aldarrikatu duguna. Beti esan izan ohi dugu, mozioak aurretik batzordeetan edota bileretan landu behar direla; horretarako prest agertuko gara beti, eta mozio honetan horrela jokatu dugu. Beharbada, banan banan galdetuz gero, hasiera batean inork ez luke aukeratuko mozio hau. Alde guztiak entzun eta luze eztabaidatu ondoren adostua sa, eta horrek, guretzat behintzat, bere garrantzia du. Beraz, eta berriro diot, eztabaidatu ondoren, bakoitzak erabakiko du zer egin, aurkeztutako mozioa onartu, aldatu, beste bat aurkeztu edo atzera egin. Gaur aurkezten den mozioak, bileretan parte hartu dugun udal talde guztion oniritzia du, eta hori ere positibotzat jotzen dugu. Besterik gabe, eta mozioari gure baietza eman aurretik, bide hau jarraitzea eskatu nahi genieke beste alderdiei.
10.- Azkoitiko Udala, Zubiaurre-Elkargune Institutua eta San Jose Egoitzaren 2021eko aurrekontuaren likidazioaren kontuhartzailetzaren txostenen eta alkatetza dekretuen berri ematea.
11.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
12.- Galde-erreguak.