Azkarateko hondakin gunea

Lurralde Antolamendurako Batzordeak udalari emandako ezezkoaren inguruko hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko api. 30a, 14:26

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzaren erantzunaren inguruko hausnarketa egin nahi izan du Azkoitia Bai herri plataformak.

Heldu zaizkigun idatziak aztertu ondoren, lehen ondorio batzuk atera ditugu eta herritarrekin partekatzea erabaki dugu. Udaletxean erabaki genuen EEH planten debekuaren aurka, honelako argudioak eman ditu Lurralde plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak:

  • EEH plantak arrazoitu gabe debekatu ditugula gure herrian. Dagoeneko nahikoa dagoela zioen joan den urteko martxoaren 4ko sailburuaren aginduak.
  • Debekatutako planta hauei ez diegula beste irtenbiderik ematen. Lehendabizi, baimenik gabe egindako obrak leheneratzea eskatu beharko genioke. Ipintzako eremuan ere baimenik gabe eginiko obrak salatu ditugu hilabete honetan. Gero aztertu beharko genuke zer irtenbide eman.
  • Ondorioetan ere ez dugula pentsatu. Gure ustez ondorioetan pentsatu dugu bada gehien; horrelako instalazioek ekarriko lituzkeen ondorioetan, hain zuzen.
  • Ekonomia zirkularraren baitan ere, gure erabakiak ez duela bat egiten dio. Ez dugu uste ekonomia zirkularrari onura handiak ekarriko dizkionik eraiki beharrik ez dagoen plantak irekitzeak. 25 kilometroko distantzia aipatzen da planta horien errentagarritasunaren baitan, eta lehen ere distantzia horren barnean dauden bi planta aurkeztu genituen, Txaraka Zaldibarren eta Urkiondo-Ekolur Legazpin.
  • Badirudi beste herrietara-eta instalazio handiak egitea gauzatuko genukeela, gure herrikoak debekatuz gero. Dagoeneko nahikoa planta dagoela esaten ez gara nekatuko, beraz, ez litzateke gehiago egin beharko gure herriko ekonomia zirkularra bere horretan mantentzeko. Etorkizunera begira beharko balitz, udaletxean erabaki beharko genuke zein den toki egokiena eta zer dimentsio eduki beharko luken.
  • Etxeetako obra txikiak udaletxearen eskumena direla ere gogoratzen digute. Gure eskumena bada utzi diezagutela kudeaketa hori guri. Lapatxen jasotzen jarraitzeko ez dezatela arazorik sortu.
  • Ingurumen aldetik ere, dimentsionamendua eta arrisku berrien prebentzioa aipatzen dira. Instalazioaren dimentsioa udaletxeak bere beharretara egokitu beharko luke. Arriskuen prebentzioari dagokionez, instalazio berri gehiagok arrisku berri gehiago ekarriko lituzke, ikusi besterik ez dago Azkarateko ingurumen txostenean azaltzen direnak, igarobide ekologikoarekin mugakidea dela, Aldazabal errekari dagokionez, ezker ertzeko erribera-baso ia osoa kendu dela egiaztatzen zen, zarataren eta bibrazioen ondorioak, airearen kutsadura, isurtzen diren hondakin finen kopurua… Arrisku horien aurrean ingurumen sailak ez du azterketa arrunt bat bera ere eskatzen. Hori bai dela arriskua!
  • EEH instalazioak debekatzeak udaletxeak dituen betebeharren aurka joango litzatekeela ere aipatzen da, EEHen kudeaketa ekiditea nahi izango balu bezala. Azkoitia Bai herri plataformaren partetik behintzat ez dago bestaldera begiratzeko asmorik, eta are gutxiago, gai honetan herritarrek agertu diguten kezkarekin.

Azkenik, gogoratu nahi genuke Larke 360 enpresako buruak esan zuela herria horrelako instalazioen aurka agertuz gero, atzera egingo lukeela, eta hori ez dela inondik inora gertatu.

Datorren asterako Lurralde batzorde berezi bat deituko dutela jakinarazi digute, eta ea udaletxeko teknikariek zer dioten. Arrazoirik ez zaigula falta garbi dago, txosten tekniko/juridikoa nola eratu aztertu beharko dugu jarraian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide