1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
Ados.
2.- Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren eta Azkoitiko Udalaren arteko Hitzarmena onestea, Txalonerreka auzoan uren sarearen konponketa eta Txerloian egin beharreko lanen ingurukoa.
Zuntz-zementuzko hoditeria aldatzeaz gain, ur-zikinak eta euri-urak banatzeko beste pauso bat emango da obra horrekin, ingurumenarekiko kalteak murriztuz. Beraz, alde bozkatuko dugu.
3.- Transferentzia bidezko 1 zenbakidun kreditu aldaketaren onespena.
LED argietara aldaketa egitearen alde azaldu gara beti, eta hemen orain bozkatuko duguna, aurretik jarrita dugun diruari izendapena aldatzea besterik ez dela dirudi. Dirulaguntza hauek jasotzea nahi badugu, tentu handiz eman beharko ditugula dirudi eman beharreko pausoak, diru asko baitago jokoan eta izapide asko egin beharko baita hurrengo pare bat urtetan.
Bestalde, ostalaritza arloko herritarrekin izan genuen bileraren ondorio argienetako bat, erakunde publikoetatik, lana egiteko debekua ezartzeak, askori, ondorio larriak zekartzala baieztatzea izan zen. Nahiz eta debeku hori udaletxeak ez duen ezartzen, herritarraren hurbilen dagoen instituzioa izanik, udaletxetik laguntzak bideratzea logikoa dela dirudi. Dena den, bazirudien, laguntza horiek emateko epeak luze joko zuela, herriko ostalariekin, aurrez aurre, izan genuen bilera hartan, 2020ko gerakinaren zain egon beharko zela esan baitzen, eta diru hori martxora arte ez baita erabilgarri egoten. Baina azkenean, udaletxetik, irteera bat aurkitu diote eta berehalako beharra izango ez duen beste partida batetik, dirua mugitzeko aukera dagoela ohartu ondoren, lehenik udalbatzara ekartzea lortu dugu, eta uste baino lehenago izango dugu erabilgarri. Eztabaidatzeko denbora gehiegirik ez dugu izan, baina, nahiz eta beste herri batzuk hartu dituzten neurriak gure taldeari asko gustatu, ostalariei, herriko saltoki txikietan gastatzeko diru lerro bat zuzentzea esateko, ez dugu denbora gehiago galdu nahi izan, laguntza honek duen premiatasunari garrantzia gehiago eman diogu, eta herritar batzuen egoera larriari bultzadatxo txiki bat emango diolakoan, alde bozkatuko dugu.
4.- Azkoitiko ostalarien ordezkaritzak aurkeztutako Mozioa.
5.- PSE-EE Udal taldeak aurkeztutako Mozioa, ostalarien ordezkaritzaren Mozioaren aurrean.
6.- EAJ-PNV eta PSE-EE Udal taldeek aurkeztutako Martxoaren 8ko Adierazpena.
4, 5 eta 6. puntuei, hau da, bi mozio eta adierazpenari batera erantzungo diet.
Enegarrenez esango dut, ez gara mozio eta adierazpenen aldekoak. Bildu beharrekoekin bildu eta gaiak batzordeetan landu ondoren, erabakiak hartzearen aldekoak gara gehiago. Ostalaritza aurrera Gipuzkoa plataformak aurkeztu duen mozioaren inguruan, esan behar, herriko ostalariekin izan genuela bilera, eta dagoeneko erantzun bat ere eman diogula. Udaletxean eztabaidatu beharreko gai bat izanik, dena nahikoa azkar joan dela esan genezake, eta garrantzitsuena, bai guretzat eta baita herriko tabernarientzat ere diru laguntzak ahalik eta azkarren iristea litzateke. Beraz, mozio honetan, udaletxetik, beste erakundeetara informazioa luzatzea eta Foru Aldundiari eta Jaurlaritzari ostalariei laguntzak emateko eskatzea besterik ez dela dirudi. Guk, egia esan, ez diogu eragozpenik ikusten, ez dakit udaletxeko teknikoek zerbait esatekorik baduten, baina esan bezala, guk hemen honelako idatziei erantzun beharrean, nahiago izaten dugu behar diren bilerak antolatu eta gauzak garbi utzi ondoren, eman beharreko erantzuna edo gutxienez behar den irtenbidea ematen saiatu.
5. puntuko bigarren mozioa, berriz, ostalariek aurkeztutako mozioaren aurrean aurkezturiko beste mozio bat dela jartzen du izenburuak. Benetan, hau dela iruditzen zaizue lanerako sistemarik onena? Esan bezala, denok elkarri, aurpegira begira, esan beharrekoak, argi eta garbi esan beharrean, badirudi erabakiak mozio bidez hartzea jarri dela modan. Arraroa naizela esadazue, baina niri ez zait eraginkorra iruditzen.
Eta hirugarrena tradizio bihurtzen ari da. Alderdi denok adierazpen bat adosten baduzue bat irakurri, bozkatu eta listo, eta horrela ez bada bi. Oposizioan dagoenak ausartagoa, konprometituagoa… Eta gobernukoak ezin bada bere buruari konpromiso gehiegi eskatu. Gaur bezala, alderdietan dituzuen arduradunak idatzitakoa zuek sinatu irakurri eta listo. Horrelaxe funtzionatzen duela uste dugu guk mozio eta adierazpenen munduak, eta ez zaigu batere gustatzen.
Beraz ezin bada alde bozkatu, eta hiru puntuetan abstenitu egingo gara.
7.- Behin betiko onespenen berri ematea.
8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
9.- Galde-erreguak.