Oinartxoko hondamendia, azkoitiarron kontura

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2020ko aza. 29a, 11:40

Joan den asteazkenean, azaroak 25, ohiko udalbatzarra egin genuen udalean, eta han jorratu genuen gaietako baten inguruan hainbat azalpen eman nahi genituzke.

Honela zioen udalbatzarrean landu genuen gaiaren izenburuak: "Azkoitia Lantzen eta Azkoitiko Udalaren Lankidetza hitzarmenaren ondorioz, Oinartxo zabortegi zaharrean lixibiatuen tratamendu zerbitzuak finantzatzeko lehenengo kreditu konpromisoa onartzea". 

Eta hor doakizue gure erantzuna: "Gure taldea ez da Azkoitia Lantzeneko partaide, sozietate hori sortu zutenek baitute, gure ustez, ixteko obligazioa eta herritarrok dirutza hori ordaindu beharraren erantzukizuna. Beraz, hemen gertatu zen ingurumen hondamendiagatik barkamena inork eskatu ez duenez, udal honen izenean, garai hartan zabortegiaren kontra lan egin zutenei, neu eskatzen ausartuko naiz, nahiz eta ni orduan, bertan borrokan egon ziren gazteak baino zerbait gaztetxoagoa izan. Beraz, barkatu udal honek zuen aldarrikapenei kasurik egin ez izana, eta eskerrak eman, zuen ikasgaiek orain gutxi izan dugun zabortegien beste kapitulu berri batean, belarriak tente izaten asko lagundu digutelako".

Ondoren, udal gobernuak betikoa erantzun zigun: "Eremu horretan egin ziren betelanak medio eraiki zen orain bertan dagoen enpresa, eta enpresa horrek gastatzen dugun baino diru gehiago ordaintzen dio udalari".

Beraz, badirudi eskerrak eman behar dizkiogula Oinartxo inguruko bazterrak kutsatu zituztenei. Ba ezta gutxiagorik ere. Bai bertako jabeek eta bai udalaren buru zenak gauzak behar ziren bezala egin izan balituzte, ez genuke beti bezala herritarrok ordaindu beharko eremu hori garbitzearen kostua (95.000 euro urtero eta auskalo zenbat urtetan).

Ez zaitzatela argudio pobre horiekin engainatu eta han gertatua gehiago argitzea nahi izango bazenute, hemen uzten dizuegu 2016ko ekainaren 14an idatzitakoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide