Azkarateko hondakin gunea

Azkarateko prozesuaren bukaera

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2020ko mai. 30a, 08:50

Azkarateko guneari buruz ostegunean Elkargunean egindako bileraren inguruan Azkoitia Bai herri plataformak egin duen balorazioa.

Gu udaletxean herritarren arazoei irtenbidea emateko gaude, baina batzuetan ikuspegi kontrajarriak azaltzen zaizkigu eta erantzun egokiena emateko datu eta informazio zabalena biltzen ahalegintzen gara.

Lantegi horretan, garbi gelditu da, Azkaratekoa ezin dela egin. Arau subsidiarioek (AA.SS.) ez dute ahalbidetzen. Gaur egun dauden bezala onartuko bagenitu, hau da, Eraikuntza eta Eraispen Hondakin (EEH) plantak ahalbidetuko lituzketen puntuak bere horretan utziz, ezingo litzateke Azkarateko instalazioa eraiki eta puntu horiek ezabatuko balira zer esanik ez. Momentuan hauek dira udaletxeko alderdi denek aurkeztu dituzten bi aukerak. Beraz, Eraikuntza eta Eraispen Hondakin (EEH) planta bat soilik ez dela jakinik, legedia errespetatuz Azkaraten proiektatuta dagoen instalazioa ezin da eraiki.

Lapatxen ere ezingo da eraiki bertan proiektatuta zegoen planta, horien kudeaketa eskumena ez baita udaletxeena eta mankomunitateak udaletxeen eskumena ez den ezer egiteko baimenik ez duelako. Horrek lege aldaketa bat eskatuko luke eta luzera joko lukeela dirudi. Gure ustez, aldaketak ez du inongo konplexutasunik, udalerrien eskumenen barnean, planta hauek eraikitzearena jartzea besterik ez litzake izango, baina organo horietan daudenek luze joko duela esaten badute, ezin konfiantza handirik izan. Hemen eta orain eskatzen diegu, bai aldundian eta bai Jaurlaritzan, gehiengoa duten alderdiei, hau da hemen zaudetenoi, instalazio hauek publikoak izatea ahalbidetuko luketen eman beharreko pausoak ematen hastea, gure ustez gaur egun dagoen kontrol faltan, aurrerapen handi bat izango litzatekeelako.

Arrazoi bera medio, hau da, udaletxearen eskumena ez den heinean, Lapatxen obra handiko hondakinik ezin da jaso, baina obra txikikoa jasotzeko ez dago inongo eragozpenik.

Eusko Jaurlaritzak dionaren arabera, sortzen diren hondakin denak balorizatzeko, nahikoa planta dago Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) probintzia denetan, 2018an hondakin planari egin zitzaion berrazterketan eta denok dakigun Zaldibarko zorigaitzaren ondoren, aurtengo martxoaren 4ko sailburuaren aginduak dioen bezala. Adibide bezala: autoz 17 eta 23 minutura dauden bi planta aurkitu ditugu, Txaraka izenekoa Zaldibarren eta Urkiondo Ekolur Legazpin.

Ingurumenarekin erlazio zuzena duen beste gai batek ere asko kezkatu edo gutxienez harritu gaitu. Instalazio hauek eraikitzeko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik ez dela eskatzen ingurumen sailetik. Gure ustez azterketa berezia egin beharko litzateke, baina Jaurlaritzak azterketa arrunt bat ere ez die eskatzen horrelako instalazioak eraiki nahi dituztenei. Azkarateko instalazioari buruz Ingurumen sailak eginiko txostenean, —igarobide ekologikoarekin mugakidea da— Aldazabal errekaren ezker ertzeko erribera-baso ia osoa kendu dela egiaztatu da, zarataren eta bibrazioen ondorioak, airearen kutsadura, isurtzen diren hondakin finen kopurua eta beste hainbat arrisku aipatzen dira eta bukaeran azterketa arruntik ere ez zaie eskatzen. Azken urteetan bizi izan ditugun zorigaitzak kontutan hartzen baditugu, gure ustez, gutxienez kezkagarria da.

Beraz, dagoeneko ingurumenari egin zaion kaltea zuzentzeko eskatuz, eta datuen arabera inguruan balorizazio nahikoa planta dagoela kontutan hartuta, gure taldeak Arau Subsidiarioetatik (AA.SS.) horrelako plantak egitea ahalbidetzen duten puntuak ezabatzea eskatuko dugu udaletxean.

Baina bada oraindik irtenbiderik eman ez diogun arazotxo bat. Obra handia denean, legeak balorizazio planta batera eraman aurretik, higiene eta segurtasun neurriak bermatzen dituen bilketa parke bat eraikitzea ahalbidetzen du, hori bai, lanorduz kanpo estali daitekeen edukiontziz osatua. Gaur egun, gremioen hitzak erabiliz, legez kanpoko isurketa asko egiten dutela garbi azaldu digute. Gure herriko bilketa parkea Izarre Jandalon dagoela dirudi, baina denok dakigun bezala, ez du inondik inora legeak eskatzen duena bermatzen. Hori bai, gure taldeak birziklatzea sustatu nahirik eta isurketa klandestinoak ekiditeko, tarteko biltegi txiki baten eraikuntza aztertzeko prest egongo litzateke. Kamioi bat osatu orduko, planta horietara bideratu eta bakoitzak eraman dituen kiloen arabera ordainduz. Gremioak eta udaletxeak, elkarlanean, benetako beharretara egokitutako biltegi hori diseinatuz. Bete beharreko legedia betez eta beste alderdien, plataformen eta ekologisten oniritzia dagoenean Arau Subsidiario (AA.SS.) berriak idatzi beharko genituzke. Guretzat, orduan izango lirateke herrian benetan behar diren arauak eta herritarren benetako parte hartze baten ondorioz idatziak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide