Apirilaren 7an jaso genuen guk ere ia beste herritar guztiek bezala berria. Ia jarri dugu, ez baitugu sinesten udaletxean Azkarateko lan horien berri lehendik ez zekitenik. Berri horretan “industria hondakinak” izango zirela agertu zen albisteen tituluetan, eta guk ere, beste herritar askok bezala, pentsatu genuen hona datorrela Zaldibarren sartu ezin dutena. Horregatik, buruan ezetza genuela joan ginen egunean bertan 13:00etarako deitu genuen bozeramaile batzordera.
Bozeramaile batzorde hartan kritikoena gure taldea izan zela esatean, ez dugu uste inork esango duenik gezurretan ari garenik. Nola ez, Zaldibar eta Oñartxo aipatu genituen eta horiek sortu diguten mesfidantza. "Gune haiek ere segurtasun neurri denak hartuta" hasiko zirela esanez hasi ginen, eta "begira nola bukatu duten" esanez jarraitu genuen. Ez direla hartu beharreko kontrol neurriak hartzen, eta azken finean, beste herritar askok eta askok bezala ez garela fidatzen. Gainera, mesfidantza horri buelta ematea ia ezinezkoa ikusten genuela adierazi genion batzorde hartan parte hartu zuen Larke 360 enpresako arduradunari.
Batzordean, esan bezala, Larke 360 enpresak parte hartu zuen, eta instalazio horren helburua zein den azaldu zigun denoi. Esan zuen Europako aginduaren arabera, eraikuntzako hondakinak birziklatzera derrigortuta gaudela eta ez duela inongo zabortegirik eraiki nahi, eta ez dituztela ez amiantoa, ez kutsatutako lurra eta ez horrelako hondakin arriskutsuak han jasoko. Hori bai, sortu den tsunamia ikusi ondoren, alderdi guztion baiezkorik gabe ez duela gune hori eraikiko adierazi zuen, bera ere herri honetan bizi delako eta bai berak eta bai bere familiak kalean lasai ibiltzea nahi luketelako.
Batzorde horren amaieran, eta herrian sortu zen tsunamia nolabait baretzeko, lehenbailen komunikatu bateratu bat kaleratzea pentsatu zen. Hainbat mezu jaso ziren, hala nola ez zela zabortegi soil bat, hondakin arriskutsurik ez zutela jasoko eta berrerabilpena sustatuko zela. Beharbada presa gehiegirekin jokatu genuen, baina garbi utzi nahi dugu instalazioari ez geniola momentu hartan baiezkorik eman.
Udaletxetik ere beste mezu oker bat zabaldu zen. Adierazi zuten aktibitate ekonomikoaren lizentzia izapidetzea zegokiola udalari soilik, eta taberna bat jarri zuten adibide bezala: edozein taberna ireki nahi duen bat baimen guztiekin etortzen bazaigu udaletxera, ezin diogu ezetzik eman, hori prebarikatzea litzateke.
Hori horrela, beharrezko kontrol zorrotzenak jartzean zentratu zen gure lana, eta kontrol hori udaletxeko langile bat lanaldi osoan jarriz edo ekologista talde baten esku utziz egin daitekeela adierazi genuen. Beste batzuk, bitartean, tsunami hori ez gelditzeko ahaleginetan jarraitzen zuten, Azkarateko gunera amiantoa, lur kutsatuak eta abar eramango zirela esanez egunero. Azkenean, horretarako baimena zutela geu ere sinestera iritsi ginen ia.
Dena den, egun gutxi barru, EH Bildu taldeari esker, instalazio hori eraikitzeko arau subsidiarioak aldatu behar zirela ohartu ginenean, gure lanari beste noranzko bat eman genion. Orain, aurretik aipatu dugun tabernak ez ditu baimen guztiak eta sortu zitzaizkigun galderak desberdinak dira:
- Herrian, horrelako gune baten beharra al dago?
- Beharra balego, gure ustez, zer baldintza bete beharko lituzke?
- Nola ezarriko genuke guretzat ezinbesteko garrantzia duen kontrola?
Esan behar dugu ez ditugula beste alderdiek dituzten baliabideak, baina Arau Subsidiarioak aldatu behar zirela ziurtatu zigutenetik hiru egunera erabakia hartuta genuen; egun berean, ordea, hirigintza batzordeko deialdia jaso genuen. Beste alderdiak errespetatuz, gure azalpen guztiak batzorde horretan ematea erabaki genuen.
Lehen galderari erantzunez, ekologista taldeak aspalditik egiten ari diren salaketak etorri zaizkigu burura. Zabortegi ez kontrolatu asko sortzen ari dira bide eta erreka bazterretan, eta nolabaiteko irtenbidea eman beharko zaie, ondo antolatutako horrelako bereizte guneak bultzatuz.
Bigarren galderari erantzunez, baldintza nagusiena da orain arteko instalazioetan baino kontrol zorrotzagoak ezartzea.
Beraz, hirugarren galderaren erantzunak ere izugarrizko garrantzia duela uste dugu, eta gure iritziz instalazio horrek publikoa izan beharko luke ezinbestean.
Aurretik gure udaletxean horrelako beste prozesu bat bideratu genuen, eta alderdi guztiak eraikuntzako hondakinak birziklatzeko gune publiko baten alde azaldu ginen (ikusi 2018ko martxoko udal bilkurako seigarren puntua), Mankomunitatetik bideratutako ekimena bultzatuz.
Beraz zabortegi ez kontrolatuak ekiditeko, ahalik eta hondakin gehien birziklatzeko, kontrol egoki bat bermatzeko, ezinbesteko publikotasuna kontutan hartuz eta aurretik denon oniritzia duela jakinez, egokiena instalazio hau Lapatxen eraikitzea ikusten dugu.
Ez diogu arazorik ikusten lehenbailen estatutuak aldatu eta denbora gutxian irekitzeko, dagoeneko plataformak, baskulak, bulegoak edota dekantagailuak erabilgarri daudelako, eta bide batez, ingurumenean eragingo genituzkeen kalteak asko saihestea lortuko litzatekeelako.
Gure taldearen ustez, zalantzarik gabe, hori litzateke gunerik egokiena eta guztion baldintzak eta eskariak asebeteko lituzke.