Azkarateko hondakin gunea

Azkarateko balorizazio planta

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2020ko api. 8a, 08:53

Herria hankaz gora jarri zaigu berriro ere zaborraren gaia dela eta ez dela, eta Azkoitia Baik bere iritzia garbi uztea nahiko luke.

Azkoitia Baik ere, beste herritar ia denekin batera, prentsan agertu denean jaso dugu berria eta esan behar, galderak, kezkak, zalantzak, … argitu nahirik gabiltzala egun osoan.

Hasiera batean, Azkarate gainean eraikitzera doazen planta horrek, kokapena kontutan hartu gabe, zaborrari dagokionez behintzat, onurak ekarri beharko lizkiguke. Orain arte eraikuntzako zaborra lurpean sartzen genuen eta hor egongo dira orain arteko milioika metro kubikoak, baina orain lege berri bat sartzen da indarrean eta zabor horren %70a birziklatzera derrigortzen gaituzte. Beraz, birziklatze sistema berri bat ezartzera goaz, baina Azkoitian. Gure herrian izango ez balitz...

Atzo, apirilak 7, herri denetan Zaldibarko zabortegiaren aurkako kazerolada antolatuta zegoen, baina gure herrian ez nuen nik zarata handirik entzun, gaurkoan handiagoa espero dut. Badu bere alde ona, behar bada herritarra gai hauetaz gehiago arduratuko da, herriko zaborra nola jaso erabaki behar izan genuen garai haietan bezala. Tristeena da, bai orduan eta bai orain, alderdi batzuk hau guztia politikoki nahasten saiatuko direla eta berriro ere herrian haserreak sortuko zaizkigula.

Gu gurera. Onurak argitu ostean, kalteak edo beldurrak ere aztertu beharko ditugu. Zaldibarko zabortegiak ere, hasiera batean eta proiektu bat zenean soilik, denak onurak izango zituen —argitu behar Azkaratekoa ez dela ohiko zabortegia izango, nahiz eta zaborra sortuko duen—, baina azkenean kalte handiak eragin ditu. Oñartxokoak ere ez zuen inongo arazorik, baina ezin ahaztu orduko kalteak oraindik denon artean ordaintzen ari garela. Gure ustez zabortegi eta horrelako plantetan kontrol falta izugarria dago eta eraikuntzan lana egin duen edonork daki hori horrela dela. Inspekzioak ez du funtzionatzen; enpresa ertain eta handietan behintzat, inspektorea datorren egun zehatza aurretik jakiten dute, beraz ezin gara betiko kontrol horietaz fidatu. Aurretik esan bezala, herrian bertan esperientzia oso txarrak izan ditugu eta herritarrari ezin diogu proiektu honetan besterik gabe sinestea eskatu.

Guri, beti bezala, herriak parte hartzea gustatuko litzaiguke, politikeriak alde batera utzi eta benetan horrelako gai batek merezi duen eztabaida sanoa bideratzea. Planta hori sortzeko asmoa dutenek behin eta berriz errepikatu digute herriaren iritzia benetan axola zaiela, beraiek ere hemen bizi baitira. Guk hemen eztabaida sano hori hasteko pare bat galdera utzi nahi genituzke:

  • Zer iruditzen zaizue, planta horretako kontrola talde ekologista baten esku uztea eskatuko bagenie bertako jabeei?
  • Eraikuntzako hondakinak kudeatuko dituzue soilik, edo etorkizunean —orain beharbada— jasoko duzuen baimenarekin, beste hondakin batzuk ere birziklatzeko asmoa duzue?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide