Bihar, 2019-06-26ean arratsaldeko 19:00ko plenoan, antolakuntza aldetik, legealdi berria nolakoa izango den erabakiko da. Bertan udal gobernua nork osatuko duten azalduko da , udaletxeko liberatuak ere zein izango diren eta baita zenbat kobratuko duten ere, Beraz, PLENO GARRANTZITSUA.
Gure taldearentzat liberatuen ordainsariak gehiegizkoak dira eta orain arte gutxienez oposizioan geunden alderdiren baten abstentzioa behar zuen, baina azken berrien arabera, badirudi denok ez garela oposizioan egongo eta berriro ere EAJ alderdiak erabakiko dituela kontu hauek.
Badirudi kalean garrantzi gehiena gai honi ematen zaiola, hau da, alkateak eta beste liberatuek zenbat kobratuko duten. Hurrengo legealdian liberatu gehiago izango ditugu eta ez dira denak EAJ alderdikoak izango. PSE alderdiak, EAJ-ri emango dion babesaren truke liberazio horien parte bat jasoko du. Gure taldeak 2016tik eskatutako oposizioko liberatua ere izango du oposizioko alderdi bozkatuenak, EH Bilduk, hori bai beste alderdikoek baino merkeagoa. Beraz, Azkoitia Bai, gure taldea, izango da hurrengo legealdian liberaziorik izango ez duen alderdi bakarra. Ez pentsa guri dirua sobratzen zaigunik, ez horixe, soberan ditugunak, herritarrenganako errespetua eta koherentzia dira.
Hala eta guztiz ere okerrena ez da hori, berriro hurrengo lau urtetarako sortu berri den gehiengo osoa baizik. Gure ustez, esan bezala, azkoitiarren botoei errespetu gehiago zor zaie eta azken hauteskundeetan ez dugu uste gehiengo osorik bozka dutenik. Hauteskunde garaian ere esan genuen nahiago genuela EAJ alderdiaren gehiengo osoa EAJ+PSE baturarena baino, aurretik izan dugun esperientziaren arabera berdina delako, hori bai garestiagoa, beste liberazio bat ordaindu behar baita. Behar bada azken alderdi honetakoak, hau da PSEkoak haserretu egingo zaizkigu, baina guk geure alderdiari onartzen ez dioguna, ezin diogu beste alderdiei onartu eta beti bezala garbi azaldu nahi diogu herritarrari. Askok dagoeneko pentsa duzue tontoak edo inozoak garela, baina ezin ditugu errespetua eta koherentzia, tontokeri edo inozokeriekin nahastu, neuk ere berdina egingo nikik, esateari utzi behar diogu eta bidezkoa iruditzen ez zaiguna salatu eta guri hau dena ez zaigu inolaz ere bidezkoa iruditzen.
Beraz, bukatzeko, bat-batean eta zuzenean gai hauen erabakiak entzun/ikusi nahi badituzu, zatoz 2019-06-26an 19:00tan udaletxean izango den pleno irekira eta zerbait esan/salatu nahiko bazenu, hartu hitza.