Gobernu osaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2019ko mai. 28a, 19:22

Maiatzak 26an emaitza txarrak izan genituela onartu ondoren, datorren gobernu osaketarako gure jarrera, ahal den heinean, argitzeko asmoarekin gatozkizue.

Kanpainan esandakoarekin koherentzia mantenduz, gure ustez azkoitiarrak bozkatutakoa errespetatu eta bozka gehien lortu duten bi alderdiak gobernatu behar lukete, bi talde hauek baitira herriko gehiengo zabalena ordezkatzen dutenak. Ondoko beste herri batean elkarrekin gobernatzeko ez dute inongo arazorik, beraz garbi dago, bi alderdiek nahi izanez gero posible dela. Herritarrak jartzen badira erdigunean eta herritik datozen beharrei erantzuten saiatuko balira, alderdi biek helburu bera izango lukete eta adostasunetara iristea ezinbestekoa. Kanpainan behin eta berriz hauxe bera esaten jardun dugu, nahiz eta gure taldeak jarrera honekin inongo etekinik ez atera.

Bestalde esan behar, Maiatzak 26ko hauteskundeetan bozka gehien lortu duen taldea EAJ izan dela eta herritarrak hori bozkatu badute, gu ez garela inor gure herriari arrazoia kentzeko eta eman duten bozka eta agindua errespetatuko dugula. Norbaitek esan lezake beste talde denok batuta gehiengoa lortuko genukeela eta herriak beste gobernu bat eskatzen duela. Herriak hori eskatuko balu eta beste alderdiren batek hori horrela dela egiaztatuko baligu, guk, beti bezala, herritarren esana errespetatuko genuke. Aurreko, hau da, 2015eko hauteskundeetan, gure programan, gure bezalako herri batean alkatearen figurak duen garrantzia azpimarratuz, bigarren buelta bat egitea eskatzen genuen, baina sekula ez digute beste taldeek babesik eman. EH Bilduk gure herria gobernatu zuenean berdin jokatu genuen, beraz koherentziaz jokatu eta orain ere jarrera berdinarekin jarraituko dugu.

2007an berriz PSOE alderdiari liberazio bat eman eta EAJ-k gehiengo osoa lortu balu bezala gobernatu zuen. Guri ere etorri zitzaizkigun eskaintza berdinarekin, baina guk, bai orduan eta bai orain, ezin dugu horrelakorik onartu. Beraz, oraingoan estrategia berdina ez erabiltzea eskatuko genioke beste alderdiei, ez baitugu nahi herri erdiarentzat soilik lan egingo duen beste gobernu bat. Balentria apur bat izan eta beste taldeekin adostasunak lortuz gobernatzea eskatuko genioke, hori baita benetan herritar denen mesedetan gobernatzea.

Jarraitu irakurtzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide