Bakarrik-edo

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Izagirre 2022ko abu. 31a, 15:00

Anartz Izagirre kazetariak Maxixatzenen abuztuko alerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Bakarrik-edo.

"Ikaragarri poztu naiz" diozu zure betiko lagunak bikotekidea topatu duela esan dizunean; udako sexu-laguna ustez betikoratzeko prozesua abiatu du hark, eta behinola zuen laguntasunaren orubea zena ebatsi dizute. Ez dakizu benetan ikaragarri pozten zaren, poztu egiten zaren besterik gabe, edo zeuon artean gera litekeen laguntasun apurrari eutsi nahi diozun, zure bizitza sozialaren biziraupena bermatzeko asmoz.

"Zenbat denbora daramazu bakarrik?", diotsu Tinderren ezagutu berri duzun maitale berriak, eta zuritoa kontrako eztarritik behera joaten sumatu duzu. Ez zenuke zeure burua bakarrik dagoen pertsona bezala identifikatuko, baina hala izendatzearen lizentzia hartu du duela hamabost minutu ezagutu zaituen etorkizuneko bikotekide posible horrek. Harritu egin da kafea bakarrik hartu ohi duzula esan diozunean, baita zinemara inor gabe joaten zarela kontatu diozunean ere. Zeu eta krispetak; krispetak eta zeu.

Jaio. Ezkondu. Hil. Berri Txarrak taldeari bere disko mitiko baten izenburua osteko eta aldatzeko ausardia izan dut egin beharko zenukeenari, askorentzat zilegi den gauza bakarrenetakoari eta ponpoxoa iruditu dakizukeen bizimoduari lerroburua ezartzeko. Haurra zinenean gustuko zenuen filmak 30 urte bete dituela ohartu zaren momentu berean bete dituzu zeuk ere hiru hamarkada, eta VHS bat zer den ez dakien gaztetxo batek zerbitzatu dizu ostiral iluntzeko kubata. Presioa sentitu duzu: ez zaizu zozketan etxerik egokitu, kuadrillako lehen ezkontzara bikotekiderik gabe zoaz, ez dakizu guraso izan nahi duzun. Ez dakizu ezer.

Horoskopoak behin baino gehiagotan gogorarazi dizu zure hilabetea dela datorrena, maitasuna heltzear dagoela. Merkurio gora eta Jupiter behera, Virgo bai baina Aries ez. Ez duzu deus ulertzen, baina konprenitu nahiko zenuke. Ulertu nahiko zenuke zergatik dagoen mundu osoa zure harreman afektibo-sexualez kezkatuta, eta zu ez horrenbeste. Ulertu nahiko zenuke bikotekide bat topatzea zergatik den zure inguruarentzat hain pozgarria, eta lagun berri bat izatea ez horrenbeste. Ulertu nahiko zenuke zergatik ikusten zaituzten bakarrik, aldamenean norbait falta duen papagaitxoa nola, gustura izateko, zoriontsu izateko; funtsean, izateko.

Nobela baten epilogoaren parte izan zitezkeen orain irakurri dituzun lerrook, baina akaso identifikatuegi sentitu zara kontatu dudana fikzio moduan katalogatzeko. Beste behin, beharbada, ez zara bakarrik sentitu, eta pentsatzen duzuna lau haizetara zabaltzeko kuraia duzula ohartu zara: ez duzula alboan inor behar; bikotekiderik ez izateak ez zaituela bakarrik dagoen pertsona bilakatzen; ez duzula etxerik erosi nahi, ezta umerik izan ere; zure bizitzeko modua errespetatzea soilik nahi duzula, ez besterik. Neuk esango dizut, badaezpada, inork esaten ez badizu ere: ez zara zu, maitasun erromantikoa da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide